Espoz Minaren pistolak.

2011/12/23 historia
XIX. mendeko liberalismoak bere mitoak izan zituen. Espoz Mina nafarra izan zen hauetako bat. Bere ospearen eredutzat har dezakegu bere alargunak Afrikako gerran borrokan nabarmentzen zen soldaduari eskainitako senarraren pistola parea. Ohore militar hau Bernardo de Goenaga hondarribiarrak jaso zuen.

Arestian argitaratutako IV Jornadas de Estudio del Carlismo deitutakoen aktak jasotzen dituen liburuan irakurri dugu, Ricardo García Cárcelen artikuluan hain zuzen, karlisten mitoak goiztiarragoak eta sakonagoak izan zirena, liberalenak baino. Azken hauen artean Francisco Espoz Minarena aipatzen du, "Independentziaren Gerratik eratorria, laister hondoratu zen".

 

Espoz

Nicolas Eustache MAURIN: “Mina Virey de Navarra”. Irudiaren iturria.

 

Egia da Espozen azken urteak, Lehenengo Karlistadaren hasierakoak, ez ziotela bere izen onari lagundu. Euskal karlisten aurka jasotako porrotak, larri gaixotuta zegoena jakinda ere, nolabait bere frantziarren aurkako garaipenak lausotu zituen. Are gehiago bere karlisten aurkako ezintasunak Lekaroz erretzeko agindua ematera bultzatu zuenean.

 

Lekaroz

Lekarozko erreketa. Irudiaren iturria.

Baina ezin da ukatu espainiar liberalen artean erreferente izaten jarraitu zuena. Afrikako gerran, 1859-1860, gertatutako anekdota batek bere itzalaren indarra erakusten digu. Juana de Vega, Espozen alargunak Afrikara zihoazen solduen grina bultzatzeko asmoz, Tangerren sartzen zen lehen bataloiaren buruari bere senarrarenak izandako bi pistola eskaini zizkion saritzat. Hain izan zen ongi hartua oparia, O'Donellek berak, gerra honetan espainiar armadaren buru zenak, eman ziona eskura saria jaso zuen ofizialari.

 

 

Goenaga

 

Ohorea merezi izan zuena hondarribiar bat izan zen, Bernardo de Goenaga, "León" infanteria errejimentuko bigarren komandantea eta Tetuango batailan marokoarren lubaki batean sartzen lehena. Bizpahiru zauri jaso zituen ekintza honetan, azkenean Armadan erretiroa eskatzera bultzatu zutenak.

 

Afrikako gerra

Afrikako gerra 1859-1860.

 

Goenagaren bidea berezia da, karlistekin borrokatu zuen Lehenengo Karlistadan eta Bergarako hitzarmena onartu zuenez, ostean espainiar armadan jarraitu zuen karrera militarra. Afrikako gerran nabarmendu ondoren, erretiratua egon arren, Bigarren Karlistadan Hondarribiko boluntario liberalen konpainia sortu eta gidatu zuen.

 

 Hondarribi

Hondarribia 1875.ean. Irudiaren iturria.

 

Espoz Minaren pistolak Goenagaren laguna zen Juan Albizuren bitartez Donostiako Udal Museora iritsi ziren. Baina Germán Dueñasek "La colección de armería e historia militar del Museo de San Telmo de San Sebastián" artikuluan dioenez, noizbait Urgull mendiko Historia Militarraren Museotik lapurtuak izan ziren. Tamalez, XIX. mendeko historia zeharkatu zuten pistola hauek egun ezin ditugu gozatu.