Feillet ahizpak, bi artista XIX. mendeko Euskal Herrian

2015/02/27
Datorren martxoak 6.ean hasi eta irailak 4era arte Zumalakarregi Museoak, Baionako Euskal Museoarekin elkar lanean, erakusketa berri bat aurkezten du Ormaiztegin: "HÉLÈNE eta BLANCHE FEILLET: Emakume margolari aitzindariak XIX. mendeko Euskal Herrian"

Egizue ariketa erraz bat: osatu ezagutzen dituzuen XIX. mendeko emakume margolarien zerrenda.

Zumalakarregi Museoak lan honetan laguntzeko Ormaiztegira bisita bat proposatzen dizue. Bertan bi emakume hauek ezagutzeko aukera izango duzue.

Hélène Feillet (1812­-1889) eta Blanche Feillet (1815­-1886) margolari eta ilustratzaileak, Parisen jaio baina bere lan nagusia Euskal Herrian garatu zuten, 1834.ean Baionan kokatu zirenetik.

Hélène FEILLET. "Vue de Bayonne". Irudiaren iturria.


Litografo baten alabak, XIX. mende erdian Euskal Herrian lan egin zuten ilustratzaile erromantiko oparoenetakoak izan ziren. Gainera, Baionako marrazki eskolako arduraduna izan zen Blanche bere aita ordezkatuz. Parisko pintura saloian olioak aurkeztu zituzten, baina, batez ere, litografiagile bezala egin ziren ezagunak. Garaiko euskal paisaiaren irudiak eskaini zizkiguten gehien bat.

 

Blanche HENNEBUTTE. "Ondarroa : vue du port". Irudiaren iturria.

 

Blanche Baionako inprimatzaile eta argitaratzaile garrantzitsua izan zen Charles Hennebuttekin ezkondu zen 1844.ean. Bi ahizpek azken honen argitalpenak ilustratzen lan egin zuten, bereziki turismoaren sustapenerako argitaratutakoetan. Hauetan paisaiak ezezik euskal ohiturak ere irudikatzen ziren.

 

Blanche HENNEBUTTE."Costumes basques espagnols : batelieres de Passages". Irudiaren iturria.

 

Erakusketa honetan, argitaratu zituzten litografiez gain, hauek prestatzeko burutu zituzten marrazkiak ere dasta ditzakezue.

 

Hélène FEILLET. "Fontarabie" Baionako Euskal Museoa.

 

Marrazki eta litografiez gain akuarelak ikusteko aukera ere eskainiko du erakusketa honek.

  

Blanche HENNEBUTTE."Passages". Mediatheque de Bayonne.

 

Garaiko emakumeek margolaritzan jarduteko eragozpen asko bazituzten ere, Feillet ahizpek hauek gainditzeko gauza izan ziren eta honen eredu dugu egun Baionako Euskal Museoaren geletan erakusten den gertakizun historiko bat jasotzen duen olioa.

 

 Hélène FEILLET. "Arrivé a Bayonne de LL. AA. RR. Mr. le duc et Mme. la duchesse d'Orleans". Baionako Euskal Museoa.