"Elegante eguna", pintxo lehiaketako irabazleak

2015/11/25
Arantxa (Pio) tabernak egin zuen pintxorik gozoena eta Axun Mendizabalek irabazi du partehartzaileen saria


Zumalakarregi Museoak Ormaiztegiko Udalarekin elkarlanean, XIX. mendeko eleganteen III. bilkura ospatu zuen Ormaiztegin, eta II. pintxo lehiaketa egin zen bilkura horren barruan. Honako tabernek parte hartu zuten: Jubilatuen tabernak, Arana, Usoa, Zipotz, Txistu, eta Arantxa (Pio). Pintxo guztiek osagai bat izan behar zuten derrigor: sagarra.

Aurten ere, herritarrek papertxoen bidez puntuaketa eman diote pintxo bakoitzari, eta bataz-besteko puntuaketarik altuena Arantxa (Pio) tabernak lortu du. 

Pintxoaren sortzaileak, Ramoni Urbiztondok (Piokoa), honela azaldu digu pintxoa nola egin zuen:
 
Oilasko bularkiaren barruan urdaiazpikoa eta gazta sartu zuen, eta borobil forma emanez, ogi birrindutan pasa eta frijitu egin zuen. Pintxoaren oinarria, berriz, moldeko ogi integrala da, oliba olioz bustia eta gainean Errezil sagar marmelada jarri zizkion. Amaitzeko, bata bestearen gainean jarri eta beste marmelada pixka bat jarri zion.
 
Guztira 321 boto-paper bete ziren, puntuaketa eta norberaren datuekin, eta puntuaketa eman zuten partehartzaileen artean, Kuko jatetxean bi lagunentzako jatordua zozketatu zen. Atzo goizean egin zen zozketa eta Axun Mendizabal izan zen irabazlea. 
Gaur goizean banatu dizkiegu sariak bi irabazleei (Axun Mendizabal eta Arantxa tabernako (Pio) Mikel Galarraga). Jon Enrike alkateak eta Zumalakarregi Museoko Lurdes Azpiazuk banatu dizkiete sariak.
Zorionak bioi!