Theodoros II, Abisiniako enperadore

2011/02/01 historia
Etiopia modernoari hasiera eman zion pertsonaiaren gorabeherak, XIX. mendeko Afrikan. Emile Bayard ilustratzaile frantsesak "Le Tour du Monde" aldizkarirako egindako irudi zoragarriak dastatzeko parada.

Theodoros II.enak 1855. urte inguruan egungo Etiopia osatzen zuten tribu ugarien kontrola lortu zuen eta bere burua Abisiniako enperadoretzat aldarrikatu zuen. Honela Etiopia modernoari hasiera eman zion.

1862.ean Theodoros IIk Victoria erreginari gutun bat bidali zion turkuen aurkako akordio bat proposatuz, hauek bere Inperioa Sudandik mehatxatzen zutelako. Britainiar diplomaziak ez zion jaramonik egin gutunari eta erantzun ezak Theodoros erabat sutu zuen. Bere inguruan zeuden europar guztiak, Charles Cameron enbaxadore britainiarra, bere laguntzaile batzuk, zenbait frantses eta misiolari aleman batzuk, atxilotzea erabaki zuen.

 

Teodoro II haserre

Irudiaren iturria

 

Diplomazia saio ugariak urteetan zabaldu ziren bahitutakoen askatasuna lortu gabe, azkenik Erresuma Batuak enperadoreari 1867ko udan gerra deklaratu zion arte.

Erasoaren prestakuntza oso zaila izan zen britainiarrek Indiatik 32.000 gizon eta 55.000 animali, tartean artileria garraiatzeko 40 elefante , bertaratu baizituzten.

Napierren espedizioa

 

Sir Robert Napier mariskalak zuzendutako espedizioak sei hilabete behar izan zituen bere helburua zen Magdala, Theodorosen hiriburura iristeko.

 

Magdala

Etiopiarrek sekulako jipoia jaso zuten eta enperadoreak bahitutakoak libre utzi zituen. Hiriaren defentsan azkeneko ahalegina egin ondoren Theodoros IIk bere buruaz beste egin zuen, arestian bahituak libratzeko negoziazioetan Victoria erreginak oparitu zion pistola bat erabiliz.

 

Buruz beste

Britainiar espedizio hau historiak jaso du bereziki aurrez zeuzkan logistika zailtasunengatik, izan ere armada bat  europarrek apenas ezagutzen zuten lurralde batean sartzeko, Zulako portuan kaiak, malekoiak eta biltegiak eraki zituzten, baita 30 kilometrotako trenbidea ere.