Afrikako gerra (1859-1860)

Ohikoak ziren espainiarrek Ceuta eta Melillan zituzten gotorlekuen inguruetan marokoarren erasoak. 1859.go abuztuan espainiar armada Ceuta inguruan eraikitzen ari zen defentsarako etxola bat erasotu eta Espainiako armarria lohitu zuten. Espainiako gobernuak errudunen zigorra eskatu zion Marokoko sultanari eta erantzun garbirik jaso ez zutenez gerra deklaratu zioten urrian. Ordurako Britainiar eta frantsesen onespena jaso zuen O’Donellek, lurralde konkistarik egingo ez zuela bermatu ostean.

 

Espainiarrek 35.000 bat gizonez osatutako armada prestatu zuten, Marokoko sultanak yihada edo gerra santua deitzen zuen bitartean. Armada espainiarrean Behaketa Gorputza, Echagüe jeneral donostiarraren agindupean, izan zen erasoan lehena eta Serralloko borrokan, azaroaren 25an garaipena lortu zuen, zauritua izan arren.

Bitartean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiek dirua eskaini zioten Espainiako gobernuari eta Euskal Tertzioak antolatzen hasi ziren. Garaian, Foruak oraindik indarrean zeudenez, hiru probintzietako euskaldunek ez zuten espainiar armadan parte hartzen, eta Diputazioek komenigarritzat hartu zuten 3.000 soldaduz osatutako Tertzioak sortzea. Ondo ordaindutako “boluntarioz” osatu zituzten, nahiz eta zenbait lekutan, Oiartzunen esaterako, deitutako gazteak ihes egiten saiatu.

Espainiar armadak arazoak izan zituen soldaduak Marokora eramateko, batetik itsasartea gurutzatzean jasandako ekaitzengatik eta, bestetik, aurrez iritsitakoen artean kolera izurritea zabaldu zelako. Ceuta inguruan marokoarren eraso ugari eutsi ondoren, urte berriarekin egin zuen aurrera O’Donellek berak agintzen zuen armadak Tetuan hiria helburu. Castillejoseko bataila izan zen lehen urratsa, non Prim jeneralak ospe haundia irabazi zuen nahiz eta 600dik gora hildako eta zauritu jasan.

Hurrengo hilabetean, otsailak 4 eta 5ean gertatu zen Tetuango bataila odoltsua, espainiarrek hiria hartu zutenekoa.

Tetuan

J. VALLEJO. Batalla de Tetuán el 4 de febrero de 1860. (ZM)

Azkenik martxoak 23an eman zen Wad Raseko bataila, euskal Tertzioak tartean, espainiar armadaren garaipena bermatu zuena. Biharamunean Muley El Abass marokoarren buruzagi militarrak pakea eskaini zien espainiarrei, kalte ordainketa jaso bitartean Tetuan hiria hauen eskutan geratuz.

Garaipena sutsuki ospatu zuten Espainian. Ospila, marokoarrei irabazitako arma eta ikurrak, Madrilgo kaleetan zehar erakutsi zituzten. Anekdota modura aipa daiteke gerra honetan marokoarrei kendutako kanoien brontzea urtuz zizelkatu zirena egun Kongresuaren atean dauden leoiak.