Biografiak.

Tomas Zumalakarregi (1788-1835)



Ormaiztegin jaio zen 1788ko abenduan. Idiazabalgo eskribaua zuen aita, eta haren bidetik jarraitu nahi izan zuenez eskribau‑ikasketak egin zituen. Iruñean ikasten ari zen  Napoleonen inbasioak bere etorkizuna aldatu zuenean. Jauregi “Artzaia” ren gerrillarekin bat egin zuen 1812an. Gerran izan zuen parte hartzeak San Martzialgo guduan jo zuen gailurra, eta kondekoratu egin zuten gudu haren ondoren.

 

Gerra bukatzean kapitain maila zuen, eta karrera militarrarekin jarraitzea erabaki zuen. Hainbat lekutan ibili zen jardunean, harik eta 1820ko iraultza gertatu zenean agintetik kendu zuten arte, miliziako sektore kontserbatzaileenen aldekoa zelako.


1822an matxinatu errealistekin bat egin zuen, Genaro Quesada altxamenduak Nafarroan zuen arduradunaren aginduetara. Liberalen aurka borrokatu zen, Nafarroako Boluntarioen bigarren batailoiko komandante bezala. Espainiako esperientzia liberalari amaiera emateko, Europako potentziek "San Luisen Ehun Mila Semeak" bidali zituztenean, Angulemako dukeak gidatutako indar horretan sartu zen, 1823ko urrian Lleidako setioan lagunduz.

Hurrengo urtean Nafarroako Boluntario Errealisten batailoia antolatzeaz arduratu zen, Iruñeko batzorde militarrean liberalen aurkako errepresioan parte hartzen zuen bitartean. Karrera militarrarekin jarraitu zuen, eta Huescan, Toledon, Sorian, Zaragozan eta Madrilen ibili zen lanean. 1832an Ferrolgo gobernadore militar izendatu zuten. Calomarderen gobernu kontserbadorea boteretik kendu zuen altxamendu absolutistan ez zuen oso jarrera garbia izan, eta auzitegi militarrean erantzun behar izan zuen horregatik. Azkenean errugabetu egin zuten arren, Fernando VII.aren erregealdiko azken urtean agintetik baztertu egin zuten. Iruñean erretiratzeko eskatu zuen, eta hantxe zen Fernando VII.a hil eta Don Karlosen jarraitzaileak matxinatu zirenean.

 

Urrian matxinatuekin bat egin eta haien buruzagi bihurtu zen, Nafarroan aurrena eta Euskal Herri osoan handik gutxira. Antolakuntzarako dohain handiak erakutsi zituen, hilabete gutxiren buruan hor zehar sakabanatutako gerrilla‑taldeak elkartu eta Espainiako tropa onenei aurre egiteko gai zen armada eraginkorra antolatu baitzuen. Gerrilla‑taktikak erabili zituen Isabel II.aren alde ziharduten jeneral entzutetsuenekin borrokatzeko. 1834ko uztailean erregegaia iritsi zenean, bere jarraitzaileen buruzagi militar karguan berretsi zuen hark, eta urtebeteko epean Espainiako armadako militar gorenak menderatu zituen: Rodil, Espartero, Carondelet, O’Doyle, Córdova, Espoz y Mina eta Valdés.

Zumalakarregiren mitifikazioa1835eko apirilean Eliot Ituna sinatu zuen. Gerra zibil odoltsu hura baretzeko bidalitako enbaxadore ingelesarengatik jarri zioten izen hori itunari, eta hura sinatu zenetik, lehiakideak presoak hartzen eta zaurituak errespetatzen hasi ziren. Itun hura armada karlistaren nazioarteko onarpena ere izan zen.

Karlistek Deskargan Espartero menderatu eta Ordizia hartu ondoren, tropa liberalak hiriburuetan babestu ziren, eta gainerako euskal lurraldeak karlisten esku gelditu ziren ia oso osorik.

 

Ekainean Bilbo

menderatzen ahalegintzeko agindu zuen Erregegaiak. Setioa hastean belaunean zauritu zuten Zumalakarregi, eta sendatzeko Zegamara eramateko eskatu zuen. Zaindu zuten medikuek ez zuten uste zauria larria zenik, baina handik bederatzi egunera hil egin zen zauri haren ondorioz.