Borbongo Isabel II (1830-1904)

Irudiaren Iturria

 

Fernando VII.aren eta Maria Kristina Borboikoaren lehen alaba 1830ean jaio zen. Hiru urte betetzean erregina izendatu zuten, baina bere osaba Don Karlosek izendapen hura onartu ez eta Lehen Karlistadak eztanda egin zuen.

Adinez txikia zen bitartean bere ama Maria Kristina(1833‑1840) eta Espartero (1840‑1843) arduratu ziren erreginordetzaz. Amak liberalen babesa bilatu behar izan zuen, eta haiek Don Carlosen jarrera absolutistaz jabetuta, Maria Kristinaren ahuldadeaz baliatu ziren boterera iristeko.

Espartero aurrerakoiak boterea galdu ondoren, aurreratu egin zuten Isabelen adin‑nagusitasuna, eta erregina izendatu zuten hamahiru urterekin. Haren erreginaldian liberalismo moderatuaren alde egin zuen, Espartero berriro ere boterera eraman zuen prozesu iraultzailearen ondorengo Biurteko Aurrerakoiko tartean (1854 1856) izan ezik.

 

Bere lehengusu Frantzisko Asiskoarekin ezkondu zen 1846an, artean gazte‑gaztea zela, eta horrek altxamendu karlista eragin zuen, Don Karlosen semearekin ezkonduta lortu nahi zuten batasun dinastikoa zapuztuta gelditu zelako. Gazte kaskarin eta bizizalea izan zen, eta maitale ugari izan zituen bere agintaldian. Zortzi seme alaba izan zituen, eta zaharrena, Alfontso, 1874an iritsi zen tronura.

Bere agintaldian hainbat eskandalu piztu ziren, burubero talde baten eragin eta agindupean egon zelako beti. Haien artean sor Patrocinio, zaurien moja, eta aita Fulgencio, bere aitor entzulea, zeuden. Horrek herriaren higuina ekarri zion.

Biografiak.Borbongo Isabel3

(Isabel Borboikoa, erbestera iristerakoan, Marfori besarkatzen)

PADRÓ, Tomas. "Isabel de Borbón, al llegar al extranjero, se arroja en brazos de Marfori". Historia del último Borbón de España.

Bestalde, Isabel II.a izan zen Borboiek Donostiara itsasoan bainatzera etortzeko izan zuten ohitura hasi zuena, 1845etik aurrera amarekin etorri baitzen, medikuen aholkuei jarraiki.

Bere agintaldian lege hauek onartu ziren: 1845eko Konstituzio moderatua, Madotzen Desamortizazio legea 1855ean eta Moyanoren legea izenez ezagutzen zen Heziketa Publikoarena 1857an. Azken lege hori XX. mende erdialdera arte egon zen indarrean. 1844an Guardia Zibila sortu zuen eta nazioarteko politikaren alorrean Afrika Iparraldean hedapen txiki bat bultzatu zuen 1859 60ko Gerraren bidez.

1868ko iraultzarekin amaitu egin zen bere agintaldia, eta Frantzian erbesteratuta bizi izan zen 1904an hil zen arte.