Don Karlos Mª Isidro Borbongoa (1788-1855)

 

Karlos Maria Isidro Borboikoa, Fernando VII.a erregearen anaia, Madrilen jaio zen 1788an. Espainiako erregetza lortzen ahalegindu zen Borboiko etxeko (adar karlista) lehen kidea izan zen. 1830ean Fernando VII.ak lege salikoa indargabetu zuen, bere alaba Isabel jaioberria tronuratu ahal izateko. Karlos infantea zen haren ondorengoa ordura arte, eta uko egin zion bera baztertuz tronua ilobaren esku uzten zuen "Pragmatica Sanción" deituriko legea onartzeari. Ez zion anaiari zuzenean aurre egin, baina konspiratzen ibili zen Portugalgo erbestetik, 1833ko urrian anaia hil zen arte. Handik gutxira Lehen Karlistada hasi zen, Santos Ladrón jenerala Errioxan matxinatu eta Bilbon eta Gasteizen Karlos V.a erregetzat aldarrikatu ondoren.

Don Karlosek Portugaldik ihesi egin behar izan zuen Rodil jeneral liberalaren jazarpenagatik, eta Londresen finkatu zen. Zelatan zuten arren, Frantziara iristea lortu zuen 1834ko uztailean eta, euskal mugalarien laguntzarekin, Nafarroan sartu zen Tomas Zumalakarregi ren tropekin bat eginez. Iparraldeko bere armadako buruzagi karguan berretsi egin zuen Zumalakarregi . Lehen fasean atzetik zebilzkion liberalengatik ihesi ibili zen, Rodilengandik bereziki, baina pixkanaka gorte bat eratu zuen, militarki aurrera egin ahala lekuz aldatzen joan zena. Oñatin, Lizarran, Tolosan eta Durangon finkatuta egon zen gorte hori, besteak beste.


Bilboko setioan izandako porrotaren eta Zumalakarregiren heriotzaren ondorioz, estrategia aldatu behar izan zuen, gerra penintsula osora hedatzen saiatu ziren espedizioak osatuz. Besteak beste, 1836ko Gómezen espedizioa eta, hurrengo urtean, Don Karlosek berak gidatutako Errege-espedizioa nabarmendu ziren. Erregegaia eta bere tropak Madrilgo ateetara iritsi ziren azken espedizio horretan, baina izandako porrotak gerra ez atzera ez aurrera utzi zuen, buruzagi karlisten arteko liskarrak areagotuz.

Don Karlosek espedizioaren porrotaren arduradun jo zituenak zigortu zituen: On Sebastian infantea, adibidez, armadako buruzagitzatik kendu zuen, eta Zaratiegi, Simón de la Torre, Villarreal, Elio eta Egia konfinatu eta espetxeratu egin zituen.

 

Don Karlosen gortean apostolikoak ziren nagusi, gerrarekin jarraitzearen aldekoak alegia. Euskal karlismoaren zati handi batek, ordea, gerra amaitzearen alde egin zuen. Maroto jeneralak traizioa egin eta Don Karlosek Frantzian erbesteratu behar izan zuen, Bergarako Hitzarmenaren ondoren. Esparteroren eta Marotoren arteko besarkadak amaiera eman zion euskal lurretan zazpi urtean izandako gerrari. Trukean, foruak errespetatuko zirela agindu zitzaien, arazo dinastikoa erabat ahazten zen bitartean.

Don Karlosek bere seme Karlos Luis Montemolineko kondearen esku utzi zituen bere eskubideak, eta semeak Karlos VI.a izena hartu zuen.

Bigarren emaztearekin batera —Beirako Printzesa— urte batzutan Bourgesen erbesteratuta egon ondoren, Triestera joan zen bizitzera, eta hantxe hil zen 1855ean.