Miguel Gomez (1785-1850)

Irudiaren Iturria

Torredonjimenon (Jaén) jaio zen 1785ean. Karrerako militarra zen eta Independentziako Gerran preso hartu eta Europa iparraldera eraman zuten. Hantxe egon zen gerra amaitu arte. Teniente maila eman zioten esker onez, eta ardura horretan ibili zen Savoiako infanteriako erregimentuan.

Hirurteko Liberalean matxinatu eta Zumalakarregirekin elkartu zen Nafarroan. Harekin zebilela kapitain gradua eman zioten.

Lehen Karlistada piztean berriro joan zen Zumalakarregirekin, eta bere Estatu Nagusiko buru izendatu zuen hark. Nazarko, Asartako, Gasteizko eta Altsasuko guduetan parte hartu zuen harekin batera. 1834an Don Karlosi eskolta ematen ibili zen, Bizkaiko komandante jeneral izendatu zuten arte. Gipuzkoan ere ardura bera eman zioten geroago, eta Gernikan eta Tolosako guduan erakutsitako jokamoldea saritzeko landa mariskal izendatu zuten.

Gerra hiru lurraldetan garatzen ari zen: Euskal Herrian, Katalunian eta Aragoin. Karlistak penintsula osora zabaltzen saiatu ziren, eta hainbat espedizio militar antolatu zituzten horretarako, tartean Gómezek gidatutako bat.

CHAMORRO. "El ataque de Requena" (Requenako erasoa)

CALBO y ROCHINA de CASTRO, Dámaso. Historia de Cabrera y de la Guerra Civil en Aragón, Valencia y Murcia. Madrid, 1845

Gomezen espedizioa 1836ko ekainean abiatu zen 3.000 soldadu ingururekin Asturias eta Galizia aldera. Sei hilabetean zehar penintsulako lurralde gehienak zeharkatu zituen espedizioak, tropa liberalak atzean zituela. Gómezek herri asko konkistatu zituen: Oviedo, Konpostelako Santiago, León, Palentzia, Albacete, Kordoba, Almadén, Cáceres eta Algeciras, besteak beste. Halere, hiri horietatik atera bezain laster, liberalek hirion gaineko kontrola berreskuratzen zuten, eta hortaz gerra hedatzeko ahaleginak porrot egin zuen.

Urte erdi horretan zehar hainbat militar liberalekin borrokatu zen Gómezen espedizioa. Tello eta López menderatu zituen Barandan eta Matillan, eta Alaixek eta Esparterok , berriz, atzera eginarazi zioten Escaron eta Villarrobledon. Rodil eta Narvaetz jeneralak ere atzetik izan zituen, alferrik ordea. 25.000 liberal bere 6.000 gizonen atzetik ibili ziren espedizioa geldiaraztea lortu gabe. 6.000 haien artean bidean haiekin bat egindakoak zeuden, Cabrera esaterako. Euskal lurretara itzultzean, abiatu zenean baino soldadu gutxi batzuk gehiago zituen espedizioak.

MARTI, A. "Los carlistas atacan y toman a Almaden" (Karlistek Almaden eraso eta hartzen dute)

CALBO y ROCHINA de CASTRO, Dámaso. Historia de Cabrera y de la Guerra Civil en Aragón, Valencia y Murcia. Madrid, 1845

Espedizioa izugarri harrigarria izan bazen ere, Gómez atxilotu eta epaitu egin zuten karlistek, emandako aginduak bete ez izana leporatuta. Gerra amaitzean Frantzian erbesteratu zen, eta Espainiara itzuli zen 1847 1849 bitarteko altxamenduan, Andaluziako komandante jeneral arduran. Matxinada horrek ere porrot egitean, Frantziako erbestera itzuli eta handik gutxira hil zen. Bordelen lurperatu zuten.