Edukiak

Erakusketak XIX. mendeko euskal gizarteak izandako aldaketak azaltzen ditu, Karlistaden zergatiak, giltzarriak eta ondorioak azpimarratuz.

Aurrekariak

Zumalakaregitarrak eta bere garaia

Jada kolokan zegoen oreka sozial, politiko eta ekonomikoa hankaz gora jarri zuen liberalismoak. Aldaketa zakarregia izan zen era baketsuan emateko, eta noblezia txikia banandu egin zen. Hala gertatu zitzaion Zumalakarregiren familiari ere. Batzuek tradizioari heldu zioten bitartean besteek bide berriak urratu zituzten.

Zumalakarregirena Euskal Herrian hain zabaldua zegoen kaparedun* estamentuko familia bat zen. Alabei ezkontzeko dote ona ematen zitzaien, eta semeei, berriz, ikasketak ordaindu, gero Letretan, Elizan edo armadan zerbitza zezaten.

 

Zumalakarregitarrak

 

Tomas Zumalakarregi hamalau anai-arreben azkenaurrekoa zen. Aita bezala eskribau izan zedin erabaki zuen familiak. Seguruenik gurasoenaren antzeko bizimodu lasaia eramango zukeen, gerrak patua aldatu izan ez balio.

Izan ere, gerlari ospetsu bilakatu zen arte, Migel Zumalakarregi, anaia zaharrena zen gehien nabarmendutako senidea. Liberal moderatua izaki, Cadiz-eko Gorteetan partaide eta 1812ko Konstituzioaren egiletariko bat. Donostiako alkate, senadore eta Grazia eta Justizia ministro karguak bete zituen.

XVIII. mendearen bukaeran Antzinako Erregimenaren eta Liberalismoaren artean hasi zen gatazkak Zumalakarregiren bizitza osoan jarraitu zuen. Burgesiak borroka egiten zuen monarkiaren aginte absolutua mugatu eta nobleziaren eta kleroaren pribilejioak ezabatzeko.

Lehenengo Karlistaldiaren aurrekariak


Aurrez bizitako borroka ugariek Euskal Herria Karlistaldirako girotu zuten. Batetik ekonomia eta gizarte krisialdia, bestetik protagonistetako asko eta askoren esperientzia militarra eragin zuten.

 Foruak


Euskal Herrian Aintzin Errejimenaren alde egoteak Foruen defentsa suposatzen zuen. Foruak ziren Espainiako erreinuan geratzen ziren legedi berezi bakarrak. Horregatik bihurtuko da Euskal Herria Karlistaldiaren borroka gune nagusia.

Arazo dinastikoa


Lehen Karlistaldiak arazo dinastikoagatik egin zuen eztanda, Fernando VII.ak anaia Carlos baztertu eta alaba Isabel oinordeko izendatu zuenean.

ZM arazo dinastikoa

 

 * Kapare: Foruen arauera, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanle guztiak kapareak ziren, hots, libreak, soldadutza eta zergetatik askeak eta eskubide politikoen jabeak.