Zumalakarregi Europan.
Agustin Coletes eta Alicia Laspra Oviedoko Unibertsitateko irakasleek zuzentzen duten proiektua da “EURICAR’20: Proyecciones culturales europeas de un conflicto español: Textos literarios, imágenes y sonidos de la I Guerra Carlista (1833-1840) en el Reino Unido, Francia y Portugal”. Zumalakarregi Museoak 2021tik parte hartzen du ikerlan honetan eta bertatik jaso dugu hona dakarkigun testigantza.

Azores irletako Angra do Heroísmo herrian argitaratzen zen O Liberal aldizkariak 1835ko abuztuan jasotzen du berri bitxi hau, Zumalakarregiren heriotza ostekoa:
"Tomás Zumalakarregi jauna"
Tomás Zumalacárregui 1789an jaio zen Ormaiztegin, Gipuzkoako 550 biztanleko herrixka batean, Ordizitik legoa eta erdira. Bere familia herrialdeko errespetagarrienetakoa zen. (...) (...) Zumalakarregik (...) bere lagun batzuei jakinarazi zien Fernando hil ondoren Karlos V.a aldarrikatzeko asmoa zuela (...). Orduan, D. Carlos infanteak Zumalakarregi deitzeko agindu zuen, eta berarekin hitz egin zuen Beirako printzesaren gelan. (...) Fernandoren heriotzaren berri izan bezain laster, Iruñetik klandestinoki irten eta Santos Ladronen aginduetara jarri zen, bera izan baitzen Don Karlosentzako armada antolatzen lehena. Santos Ladron hil ondoren, Eraso koronelak hartu zuen agintea; hala ere, ondoezak behartuta Frantziara joan zenean, Zumalakarregik hartu zuen agintea, eta une horretatik aurrera hasi zen bere izen ezagunak Europa osoan egin zuen ibilbide distiratsu hura. (...) Karlosek brigadier jeneral izendapena bidali zion Erasori, eta jeneral nagusi izendapena Zumalakarregiri; azken hori, D. Carlos Nafarroara iritsi zenean, armadako teniente jeneral izendatu zuen. (...) Bere jarduera miragarria zen eta bere memoria miresgarria; nahiz eta harroputza eta zakarra zirudien bere jokabidean, egiatan adeitsua, eskuzabala, desinteresatua eta hitza zorrotz betetzen zuen gizona zen. (...) Berriki diziplinatua, indartsua eta itxaropentsua, fakzioa aurrera zihoan; elkargune bat zuen eta jeneral trebe baten agindupean zihoan. Gaur egun lur jota dago, mendietara atzera eginez eta Bilbok brontzezko harresi batekin babesten duen lurraldean oina jartzeko perspektiba alde batera utziz. (...) baina ez dago bere planak zuzenduko dituen nagusirik, gaur egun etsai indartsuak kopuruz eta adorez mantentzen dituenik. (...) Bilboko setioa, altxa zena, fakzioaren azken balentria distiratsua da. (...) Alderdiaren itxaropenak, fanatismoa, berotasuna, ausardia, dena Zumalakarregirekin amaitu zen."

Francisco Saiz. "1. sitio de Bilbao." Iturria.
Bigarren aipamena Spanish Philatelic Society Bookclub aldizkarian aurkitu dugu. Charles William Thompson Britainiar Legioko kapitainak bere amari bidalitako gutun batean.
“Bilbao, 1835ko urriak 6.
Ene Ama maitea
(…)
Hernanin zauritu zuten gure medikua Ingalaterrara joan da sei hilabeteko baimenarekin. Lehenago jakin izan banu, gutun hau bidaliko niokeen haren bidez; gainera, Wycliffe-rentzat bitxikeri bat dago: Zumalacarregui tirokatu zutenean zutik zegoen balkoia estaltzen zuten adreilu baten bi zati. Benetako adreilu zati bat da, edo hobeto esanda, benetako adreiluaren zati bat, Burnett medikuak eman baizuen, berak lekua bisitatu eta balkoiko zoruko adreiluak hartu baizituen. Dioenez, balak lehenik balkoiko burdinezko baranda jo eta, errebotez, jeneralaren hanka batean jo zuen, eta honen ondorioz hil zen, garaiz anputatu ez ziotelako. Etxea ez dago herritik urrun eta orain kapitain baten babeslekuak okupatzen du. Esan Wycliffe-ri lehenbailehen bidaliko diodala.”

Townley. "House where Zumalacarreguy was shot". Iturria.
Benetan bitxia Zumalakarregi zauritu zuten balkoiko adreilua oroigarri modura jaso eta oparitzeko erabiltzea!

