Anton Abbadiaren eklipseak

2026/08/12
Anton Abbadia euskal eragile, hizkuntzalari, bidaiari eta zientzialariak hiru eklipse oso ikusteko aukera izan zuen. Gaurkoan haien berri emango dizuegu.

Antoine Thompson d’Abbadieren berri baduzue gurean. Gainera, Patri Urkizuk aurkitutako Agosti Xahoren gutun batetan argitutako aspaldiko errakuntza baten berri ere eman genuen bere garaian. Izan ere, Xahoren Voyage en Navarre Parisen 1836.ean argitaratutako liburuan agertzen den "Navarrais" irudia, Agosti Xaho berarena zena pentsatu izan zen urteetan. Urkizuk berau Anton Abbadia zena erakutsi zigun.

Bayot. Anton Abbadia

Adolphe Bayot. "Navarrais". Paris, 1836.

Abbadia ikerlari anitza eta oparoa izan zen eta, besteak beste, astronomia izan zen bere ikasketa kuttunetako bat.

 Abbadia jauregiko behatoki astronomikoa

 Abbadia jauregiko behatoki astronomikoa.

Norvegiako Frederiksvoern-en ikusi zuen bere lehenengo eklipse osoa 1851ko uztailak 28an. Ilunaldiak hiru minutu eta hogeita sei segundu iraun zuen. Parisera itzulitakoan Institutoan eman zuen bidaiaren berri.

Berkowski. 1851

Johann Berkowski. Frederiksvoern-en hartutako argazkia. 1851.

Argazki hau 1851ko uztailaren 28an hartu zen, Königsberg hiriko Royal Prussian Observatoryko daguerrotipistarik onena zen Johann Julius Friedrich Berkowskiren lanari esker. Lehenago saiatu ziren, baina askok ez zuten arrakastarik izan, eta irudiek ez zuten ia kontrasterik eguzkiaren koroaren eta ilargiaren diskoaren artean. Hala, Berkowskiren dagerrotipoa izan zen eklipse oso baten lehen irudia, behar bezala erakutsia.

Album de las Familias,. 1860

Album de las Familias. Bartzelona, 1860ko abenduak 9.

1860ko uztailean Briviescara joko du Anton Abbadiak beste eklipse osoa aztertzera. Hemen finkatu zen Varsoviako Behatokiko lehen astronomoa eta Errusiako Tsarraren ordezkaria zen Adam Pratzmowskik osatutako espedizioa. Baita Tolosako Behatokiko zuzendaria zen F. Petit frantsesarena. Bertan zetorren Abbadia eta Burgosko Akademian fisika irakasle zen Otaño euskaldunarekin egin zuen azterketa. Briviescako karmeldarren Santa Klarako komentua eman zieten ostatu. Santa Kasilda santutegiaren inguruan ezarri zuten behatokia.

Santa Casilda Briviesca

Briviescako Santa Casilda ermita.

Beste zientzialari talde garrantzitsua, Warren de la Rue britainiarrak zuzendua, Ribabellosan kokatu zen, bere tramankulu iraultzailea zen fotoheliografoarekin.

Ribabellosa 1860

Warren de la Rue eta bere taldea Ribabellosan. 1860ko uztailak 18an.

Handik zazpi urteetara, 1867an, Aljeriara joan zen Boughezoulen martxoaren 6ko eklipse osoa ikusi eta aztertzera. Aljerian bertan aurreko eklipsean jasotako irudi eder hauek aurkitu ditugu.

Aljeria 1860

Aimé Girard. 1860ko eklipsean Aljerian jasotako irudiak.

Ea gaurkoan zer ikusteko gauza garen. Zaindu begiak.

 

Anton Abbadiaren eklipseak

Eklipsea Tarragonan 1860.