Antonio Ugarte eta Errusiako itsasontzien iruzurra.

2012/10/30 historia
Antonio Ugarte negozio gizon eta politikari euskalduna eta Espainiako itsas-armada berpizteko saio baten porrotari buruzko sarrera dugu gaurkoa.

Espainiako erreinuaren itsas armada oso egoera larrian zegoen Napoleonen aurkako gerraren ostean. Batetik 1805.ean Trafalgarren jasotako jipoiaren ondorioz, bestetik frantsesen inbasio garaian galdutakoa zela kausa. Ameriketako koloniak independentziaren bila abiatuak ziren eta Espainiako koroak sekula baino behar handiagoa zuen itsas armada sendotzeko.


Itsas ontzi

XVIII. mendeko itsas ontzia.


Gerra ontzien beharra larria zen eta bertako ontzigintza lur jota zegoenez hauek atzerrian erostea erabaki zen. Hemen agertzen zaigu Antonio Ugarte y Larrazabal, Fernando VII.aren idazkaria, oso pertsonai bitxia eta gaizki ezagutua. Iturri batzuk bizkaitarra zena diote beste batzuk naparra, baina ez dakigu zehazki non jaio zen. Madrilera gazte iritsia, eskribau izatetik negozio desberdinetan dirua egitera pasa zen eta harreman bereziak izan zituen Errusiako enbaxadoreekin, Strogonov lehenengo eta Tattischev ondoren. Frantsesen inbasio garaian San Petesburgoko kontsula izan zen eta 1815.ean Tattischev enbaxadoreak Santa Ana ordenako domina ezarri zion, bere Errusiarekiko begirunea eskertuz.

 

Antonio Ugarte 

Vicente LÓPEZ. "Antonio Ugarte y su esposa, Maria Antonia Larrazabal." Museo del Prado.



Ez da harritzekoa, beraz, Ugarte Fernando VII.aren idazkari pribatua zenez, armadarako ontzien erosketa Errusian egin zezala aholkatzea. Sekretupean egindako negoziazio baten ostean –Itsas Armadako arduradunek ez zuten ezer jakin- 1817ko abuztuan sinatu zuten erosketarako akordioa. Sinatzailea, Tattischev enbaxadorearekin batera, beste euskaldun bat izan zen, Estatu eta Gerra ministroa zen Francisco Eguia. Cadizen entregatuko zituzten 8 ontzi erosi zituzten, garairako oso prezio altua zen 68 miloi errealen truke.

 

Cadiz

Alfred GUESDON. Cadizko badia.

 

Barkoak hurrengo urteko otsailean iritsi ziren ozta ozta Cadizera. Oso egoera txarrean iritsi ere. Erdiak zuzenean desegitera bidali behar izan baizituzten eta Ameriketara iritsi zirenetatik bi Kubara heltzerakoan urperatu ziren eta bestea zuzenean desegitera bidali zuten. Izan ere Baltiko itsasoan ibiltzeko pinuz egindako ontziak ziren, Karibeko itsas beroetan berehala usteltzen ziren bitartean. Fernando VII.a erosketaren porrota estaltzen saitu zen prentsan espainiar diplomaziaren arrakasta haunditzat salduz, baina Ugarte bere gertueneko aholkularitzatik bidali zuen. Errusiako itsas ontzien erosketa garaiko iruzurrik nabarmenetakoa izan zen.

 

 La Habana

La Habana. Iturria.

 

Ugarte, berriz, Hirurteko liberalaren garaian Fernando VII. aren izkutuko Barne Ministroa izan omen zen, liberalen aurkako altxamenduen bultzatzaile. Ondoren, 1825etik 1828ra Lucca eta Toskanan enbaxadore izan zen, handik ere Fernando VII.aren politikan eragiten saiatuz. Badakigu 1829.ean Espainian zena, nahiz eta erregeren politikan eragina galdua omen zuen. Bere heriotzaren data ere ez dago argi. Batzuk 1830ean hil zela diote, beste batzuk 1833.ean. Goian duzuen Vicente Lopezen erretratuak azken data hau jasotzen du. Interesgarria litzateke pertsonai bitxi honen biografia osatua burutzea.

 

 sinadura