Scénario. Zorraren Z: Artxibo praktikak proiektuaren lehen emaitza

2025/04/10
2024an Zumalakarregi museoak martxan jarri zuen proiektu berezi hau eta Pedro G Romeroren lanaren arteko loturari buruz hitz egin dezagun. Nola sortu zen? Zergatik "Zorraren Z"? Zer jorratzen du? Nola txetatzen da erakusketa hau "Scénario" proiektuan? Eta "Artxibo praktikak" proiektuan?

Mikel Alberdi, Zumalakarregi museoko artxibo arduradunak, eta Pedro G Romero, erakusketaren egileak, museoko Youtubeko kanalean duzuen erreportaian azaltzen dute.

Artxibo praktikak proiektu honen lehen edizioaren emaitza pasa den 2025eko otsailaren 21ean inauguratu genuen eta ekainaren 1era arte egongo da ikusgai. 

Pedro erakusketan

Pedro G. Romero artista "Scénario. ZORRAren Z" erakusketan, Artxibo praktikak proiekatua inauguratuz

Erakusketan, XIX. mendeko narratibatik baztertuak izan ziren hainbat kolektibo berreskuratu ditu Pedrok. Erakusketan zehar, artista andaluziarrak XIX. mendean grabatuetan eta argitaratutako dokumentuetan kolektibo ezberdinak nola irudikatu diren hausnartzen du, Artxibo praktikak proiektuaren helburu nagusia jarraituz.

Erakusketaren bitrinak

Zumalakarregi museoko artxiboaren dokumentuak eta irudiak ikusgai erakusketan bertan

Ikerketa horren ondoren, Pedrok ondorioztatzen du zor historikoa eta ekonomikoa dugula flamenkoaren kontzeptuarekin lotutako giza taldeekin.

erakusketa

Pedro G Romeroren ikerketa lana jasotzen duten panelak erakusketan

1989an ireki zenetik, Zumalakarregi Museoak begirada eta istorio berriak sartu ditu haren diskurtsoan eta narratiban, gizartearen eskaeretara egokitzeko helburuarekin.

Museoak martxan jarri duen azken proiektua, ordura arte isilaraziak izan diren istorioak ezagutzeko eta ikusarazteko kezka horri erantzunez, "Artxibo praktikak" da.

Orduan, "Artxibo praktikak" kultura garaikideari lotutako pertsonen begirada eta hauek sortutako ibilbideen bitartez museoko artxiboaren irakurketa berriak proposatzen dituen proiektua da. Guzti hau museoaren fondoen berrinterpretazio kritikora gonbidatzen gaituzten hausnarketa, artikulazio eta esanahi berriak eragiteko.

artxiboa

Zumalakarregi museoko artxiboaren irudia

Lehenengo begirada Pedro G. Romero artistarena izan da. 1997an hasi zen Pedro eta Zumalakarregi museoaren arteko harreamana eta 2024an, museoko artxiboa ikertzen zegoela, Espainiako arte plastikoen sari nagusia eman zioten.

Pedro artxiboan

Pedro G. Romero Zumalakarregi museoko artxiboan

Pedrok pasa den urtean egindako lanaren emaitza "Scénario. ZORRAren Z" erakusketan jaso zen museoan bertan ikusgai jartzeko.

Pedro G erakusketan

Pedro G. Romero erakusketaren azkeneko prestaketak egiten Lurdes Azpiazu, museoko koordinatzailearekin, eta Mikel Alberdi, museoko artxibo arduradunarekin

Artxibo praktikak proiektuaren bigarren edizioarako Maialen Lujanbio bertsolaria gonbidatu dugu eta hirugarren ediziorako, berriz, Xabier Erkizia ikerlaria.

Xabi Erkizia

Xabier Erkizia ikerlari eta artistak "Zinema ez zen sekula mutua izan" hitzaldia eskaini zuen Zumalakarregi museoan 2022an

Honela, orain arte izan dugun begirada historikoaz gain, arlo ezberdinetako begiradek gure museoko diskurtsoa eta narratiba ere elikatuko dute.

 

 

Scénario. Zorraren Z: Artxibo praktikak proiektuaren lehen emaitza

Zumalakarregi museoko artxiboa