Florencio Basaldua, Argentinan Euskal Herri berri baten proiektuaren bultzatzaile

2011/07/01 euskara
Galestarrek urte batzuk lehenago sortutako ereduari jarraiki, 1897.ean Julio A. Roca Argentinako lehendakariari aurkeztu zion “Eskal Berri” euskal emigranteek osatutako kolonia erraldoi baten asmoa.

Florencio Basaldua 1853.ean Bilbon jaio zen. Hamabost urterekin jo zuen Montevideora, laister Argentinan bizitzen jartzeko. Ingeniari eta lur-neurtzaile lanbidez, hizkuntzalari, asmatzaile, idazle eta Argentinako kontsula ere izan zen Calcutan XX. mende hasieran. Basalduaren berri lehenengoz Joseba Sarrionandiaren azken lan zoragarrian jaso dugu, Moroak gara behelaino artean? saiakeran alegia, eta bertan Agosti Xahorekin parekatzen du.

 

Florencio Basaldua

Florencio Basaldua "La Basconia" aldizkariko azalean.

Basalduaren proiektua Galestarrek Chubut probintzian egin zuten birpopulaketan zuen oinarri. Han Britainiatik urrun, galestarrak beraien hizkuntzan antolatutako kolonia haundi bat sortu zuten, egundaino nola ahala mantendu dena. Basalduak piska bat hegoalderago antzeko kolonia euskalduna sortzea proposatu zion Roca argentinar lehendakariari.

 

Eskal Berri

Basalduaren proiektuaren ziriborroa

"Eskal Berri“ bultzatzeko euskal banku bat sortzen saiatu zen, baina honen porrotak ekarri zuen proiektuarena. Bere asmoa 10.000 euskaldunek osatu behar zuten kolonia berriak, Euskal Herriaren independentziaren alde laguntza eskaintzea zen, garaian, besteak beste, Estatu Batuetako irlandarrek egiten zuten antzera. Hona hemen bere argudioak La Baskonia aldizkarian euskaraz: “Eskalerriari”. La Baskonia. Año IX, nº 295 (Buenos Aires, 10 diciembre, 1901).

 


Buenos Airesen argitaratzen zen aldizkari honetan aurki ditzakegu Basalduaren idazlan ugari eta berari buruzko zenbait testu, egun Nevadako unibertsitateari eskerrak, sarean denon esku. Alboko honetan bere erretratua jasotzen zen azalean: La Baskonia. Año XVI, nº 573 (Buenos Aires, 30 agosto, 1909)

Basalduari buruzko idazlan zabala ere badugu sarean: ALTONAGA, KEPA. “Manuel Lizarralde medikuaren Moskorrak (1899) eta Florentzio Basalduaren Argentinako Euskal Herri Berria.” Ekaia, 22, 2009.: 

Azkenik bere euskarari buruzko tesi ausartak Sancho el Sabio fundazioren webgunean aurki ditzakegu, Calcutan 1911.ean argitaratu zuen Memoria sobre la raza roja en la prehistoria universal liburu bitxian.