Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876).

2021/06/29
Datorren ostegunean, uztailak 8, Zumalakarregi Museoan bertako langile den Mikel Alberdi Sagardiaren Irungo udalak argitaratutako "Irun, iraultza eta azken karlistaldia (1868-1876)" liburua aurkeztuko da. Lanak Serapio Mugica Ikerketa Beka irabazi zuen 2017ko deialdian. Aurkezpena Xabier Kerexeta historiagile eta etnografo irundarrak egingo du.

Lan honetan Irungo historiaren hamarkada eskas bat aztertzen da. Baina 1868.go iraultzatik hasi eta azken Karlistaldiaren bukaeraraino sekulako krisialdia jasan zuen hiriak. Abiapuntua oso egoera baikorra zen. Irunen 1868.ean nekazaritzak indarra zuen oraindik, merkataritza eta industria gorantza zetozen, komunikabideak garatuak zeuden eta hiribilduaren kokapen estrategikoak etorkizun bikaina itxaroteko aukera eskaintzen zuen. Baina iraultza loriatsuak ekarri zituen aldaketa politikoak eta azkenean eztanda egin zuen gerra zibilak hankaz gora jarri zuen Irungo egoera baikor hori.

Fidel Mugica. Irun

Fidel MUGICA. “Vista de Irun: puente del ferro-carril sobre el Bidasoa.” 1870. KMK. Irudiaren iturria.

Irunen iraultzaren eragin nagusia botere politikoa liberalen eskura pasatzea izan zen. Joaquin Olazabal alkate tradiziozaleak Leandro de Souza liberalari utzi zion lekua eta hemendik aurrera, udal gobernu guztiak joera politiko honetakoak izango dira. Baina Karlisten presentzia garrantzitsua izango da mugako hirian.  Honela bakarrik uler daiteke Biriatuko Martingo baserrian, Bidasoa ibaiaren bestaldean karlistek ehundaka lagun armatu eta prestatzea altxamenduetarako, Irungo agintari liberalen begibistan. Gainera altxamendu karlista desberdinetan irundarrek protagonismo haundia izan zuten, Tirso de Olazabalen kasua eredu.

Tirso Olazabal 

Emile TOURTIN. “Tirso de Olazabal”. ZM.

Gerrak eztanda egin ondoren ikusiko dugu karlistek poliki poliki hiriaren nekazal gunea erabat kontrolatuko dutela, blokeoaren ondorioz liberalak hirigunetik irten ezinik geratuz. Eraso nagusiak, 1873ean Santa Kruz apaizak Endarlatsako gotorlekuaren aurka egindakoa eta 1874.ean Behobiako auzoarean aurkakoa lehenik eta hirigunearen aurkako setioa gero, azaroan, Don Carlosek berak zuzendutako bonbardaketa gogor eta guzti. Baina setio karlista gogorra izan bazen, armada liberalaren berau hausteko erasoa are gogorragoa irundar baserritarrentzat.

Harrald Behobia

 H. HARRALD. “Carlist besieging republicans in the fortified custom house of Beobia”. 1874. ZM. Irudiaren iturria.

Gehigarri modura garaiko hainbat dokumentuen transkripzioa eta hainbat bertso sailena ere eskaintzen da. Lanaren beste aldea, ikonografiari dagokiona da. Material honen bilaketan, grabatu, mapa zein argazki, ahalik eta zehatzen izateko saioa egin dugu. Iruni buruz 1868-1876 urteei lotutako edota epe horretan argitaratutako irudi guztien katalogoa egiten saiatu gara. Izan ahal dugunean, iturriez gain, testuingurua azaltzen ere ahalegindu gara.

 Zatozte Ormaiztegira eta ezagutu argitalpen berri honen xehetasunak.