Joaquin Julian Alzaa.

2025/07/03
Gaurko egunez, uztailak 3, fusilatu zuten Zaldibin Joaquin Julian Alzaa, 1848.ean. Carlos VI.ena, Montemolingo kontearen alde altxatutako euskal karlisten porrotaren adierazgarri nagusia izan zen gertakizun honi buruzko xehetasunen artean, oñatiar honen jarraitzaile batek botatako bertsoak eskaintzen ditugu sarrera honetan.

Joaquin Julian Alzaa Oñatin jaio zen 1798.ean, bertako familia garrantzitsu baten baitan. Zuzenbidea ikasi zuen eta abokatu lanean hasi zen bere jaioterrian.

Zuzenbide irakasle izan zen Oñatiko Unibertsitatean, liburuak utzi eta Don Carlosen alde armak hartu zituenean.

Saiz. Oñatiko Unibertsitat

SAIZ. "Colegio universidad de Ońate." Iturria.

Oñatiko Errealisten Konpainian, 1823tik aurrera, teniente izan zen, bere anaia Francisco Jose buru zuen bitartean. Alegia, absolutistekin lerratua egon zen hasieratik.

Karlistaldiak eztanda egin zuenean karlistekin bildu zen, hainbat borroketan parte hartuz. Gipuzkoako Lehenengo Bataloiaren komandante zela boluntario gazte bat bildu zitzaion bere arma taldera: Jose Mari Iparragirre. Hau gero Don Carlosen Ohoreko Guardiaren partaide hautatu zuten.

Bringas. Jose Maria Iprraguirre

BRINGAS. "Jose Maria Iparraguirre: cantor popular, autor del zortzico Guernicaco arbola." Iturria.

Alzaa oñatiarrak, berriz, Oriamendiko batailan parte hartu zuen, karlisten garaipen sonatuenean, alegia. 1837ko martxoa zen Donostiako tropa liberalek bere ardurapean zegoen Oriamendiko gotorlekua hartu zutenean.

Britainiar Lejio Laguntzaileko tropek menperatu zuten gotorlekua, Alzaa eta bere soldaduak Hernanira erretira araziz. Baina biharamunean, liberalek Hernani hartzera jo zutenean, karlistek Don Sebastian infantearen tropen laguntza jaso zuten, Nafarroatik iritsi berri. Joaquin Julian Alzaak ere parte hartu zuen eraso honetan. Britainiarrak Oriamenditik bota eta Donostiako harresietan babestera behartu zituzten. Liberalen porrota sekulakoa izan zen. Lacy Evans britaniarren buruzagiak bere galerak 2.000 gizon izan zirela aitortu zuen.

Thomas Lyde Hornbrook. Oriamendi

Thomas Lyde HORNBROOK. "Ernani from the plateau at the Venta of Oriamendi." Iturria.

Fausto Arozena historigileak dio Alzaak uko egin ziola Oriamendiko bataila ostean Donostia bonbardatzeari eta agindu hori ez betetze arren, erreleboa eskatu zuena.

Ondoren Gipuzkoako Lehen Brigadaren buru hautatu zuten. Hernanitik 1837ko apirila bukaeran bere amari bidalitako gutunean honela zioen:

“Ya me tiene U. hecho un señor brigadier; cabo de escuadra lo fuera porque esto se concluyera y cesaren las lágrimas de tantos infelices.”

Ez zuen Bergarako Hitzarmena onartu.

Bergarako Hitzarmena onartu ez zuten karlistek atzerrirako bidea hartu zuten eta borrokan jarraitzeko asmoa mantendu zuten. Don Carlosek bere jarraitzaile sutsuenekin gorte txiki bat antolatu zuen Bourgesen, Loira ibarrean kokatutako hirian.

Didier Petit de Meurville. Don Carlos

Didier PETIT de MEURVILLE. "Don Carlos de Bourbon." Iturria. 

Alzaa ere Bourgesko gorte karlistan bizi izan zen.

Don Carlosek bere seme nagusiarengan abdikatuko du Bourgesen 1845.eko maiatzean. Erregegai berria, Carlos Luis de Borbon y Braganza, Montemolingo konde bezala izango da ezaguna, Carlos VI.

D. Petit de Meurville. Cte de Montemolin

Didier. PETIT de MEURVILLE. "Cte. de Montemolin. Iturria.

Arazo dinastikoa konpontzeko Montemolin eta Isabel IIaren arteko ezkontza aspaldi proposatu zuten karlista moderatuenek. Behin Isabel II beste lehengusu batekin ezkondu zutenean, Francisco de Asis Borbongoa, 1846.ean irtenbide hau zapuztu zen eta karlistek, berriro, altxamenduaren bidea hautatuko dute.

Karl Girardet. Boda de Isabel II

Karl GIRARDET. “Double mariage à Madrid..." Chateau de Versailles.

Alzaa Frantzian antolatutako konspirazio karlistetan murgildu zen. Arras hirian lehenengo, gero preso Parisen eta Lillen, azkenik Cahors hirian kokatu zen. Ez zegoen Euskal Herrian altxamenduaren alde, ez baizuen giro aproposik ikusten, baina Montemolinen aginduak jarraituz Gipuzkoako altxamenduaren buru jarri zen. Joaquin Elio zen altxamendu karlistaren buru Euskal Herrian eta Alzaak bere atxekimendua erakutsi zion. Baina Eliok Frantzian jarraitzen zuen bitartean, Alzaa 1848ko ekainak 23an sartu zen Nafarroatik, Tolosa hartu eta bertako agintariak atxilotzeko asmoz. Hilak 27an pilota partida haundi bat zegoela baliatuz, antolatu zuten erasoa, baina agintari liberalak aurrez berria jaso eta zain zeuden.

D. Petit de Meurville. J.J. Alzaa

Didier PETIT de MEURVILLE. "Gral. Alzaa." Iturria.

Bigarren plana, biharamunean Soraluzeko arma fabrika erasotzea zen eta hirugarrena, Hernaniko Santa Barbara gotorlekua sorpresaz hartzea, bertako ofizial baten konplizitatearekin. Baina hiruretan porrota izan zuen, agintari liberalak jakinaren gainean baizeuden.

Gainera, 600 gazte bilduko zitzaizkiola esan bazioten, azken gerrako 20 ofizial besterik ez zeuden berarekin borrokatzeko prest. Soraluzen 40 karlista besterik ez ziren bildu eta zain zuten herria erasotu gabe alde egin zuten. Hernanin, berriz, goarnizioa aldatu zuten liberalek, Alzaak bertan zuen laguna kanpora bidaliz.

Porrota erabatekoa izan zen, baina Alzaak oraindik bere jarraitzaileak biltzea espero zuen eta Aralar aldera jo zuen. Urbistondo zen tropa liberalen burua, karlista izandakoa, baina Bergarako Hitzarmenaren bultzatzaile nagusienetakoa izana. Ez zuen Alzaa bere kide bezala ikusten, hainbat urtez batera borrokatu izan arren, altxamendu berri bat eta gerra zibil berri bat eragingo zuen etsaia baizik.

Salcedo. Antonio de Urbistondo

Salcedo. “Antonio de Urbistondo.” Museo de Historia de Madrid.

Alzaa Aralarren ibili zen liberalengandik ihesi. Hasieran Nafarroa aldera, gero Gipuzkoa aldera, Ataunen liberalik ez zegoela pentsatuz, Guardia Zibil eta Mikeleteekin topo egin zuen eta preso hartu zuten uztailak 2ko arratsaldean. Zaldibira eraman zuten eta bertan, epaiketa azkar bat egin ondoren fusilatua izan zen biharamun goizean.

Joaquin Julian Alzaa

Joaquin Julian Alzaaren odolak ito zuen Gipuzkoako altxamendu karlista 1848.ean.

Hona hemen bere talde kide batek botatako bertsoak, Nicolás Zubizarreta medikuak artzai bati jasoak. Bertsoen transkripzioa Rosa Mª Lázaro historiagilearena da.

 

  1.

Egun lucea eta

Dembora ecin pasa

Bi verso paratzea

Noa albanenza;

Declaratu nainuque

Bereala causa,

Erdiak tira baguez

Galdudegu baza.

 2.

Ogueita amazaspi

Diñaden gustiak

Puldamentuzco armarik

Ez quenduan erdiak;

Beltzak emboscaturik

Chit ongi jarriak,

Gu allegatzerako

Arturik neurriak.

3.

Guk arma guchi eta

Municio palta,

Belzak ongui zequiten

Gu nola guebiltzan;

Bestetik espia bat

Ayetara juanzan,

Esanaz egoteco

Gueldirican bertan.

4.

Arrondo eta beste sei

Guiñaden aurretik

Bañan utzi ciguten

Pasatzen erditic;

Jakinik Generala

Cetorrena atzetik,

Principala naizuten

Arrapatu betik.

5.

Arrondok espazuan

Tiroa tiratu

Guztiok emboscadan

Naiguinduzten artu;

Alaere sobre guiñan

Aurreracho sartu;

Ezpaguiñan aldapan

Pizcabat guelditu.

6.

Beltzak corneta joaz

Tiroa tiratzen

Acordatu ciraden

Generala norzen;

Ycusi zutenean

Bi guizonek eltzen,

Bereala asi ciran

Oni perseguitzen.

7.

Leger eguiña zan ta

Ecinzan muguitu,

Besos ceramatenak

Ciraden necatu;

Veste erremediorik

Yñola ecin sortu,

Orella nola diguten

Guri aita artu.

8.

Beltzak corneta joaz

Corrica gugana,

Celadoreak ziran

Aguertu aurrena;

Cibillak bidez bide

Cetorren urrena,

Erretiratu guiñan

Mendiak barrena.

9.

10.

Yzarraguico golpe

Onen odorendik

Dispersatu guiñaden

Nor bere aldetik;

Belatzan amorratutzan

Gallezcan gugatik

Franciara sartu guiñan

Beraco mugatik.

Aita bat galdu eta

Bestiaren galdez,

Ezguiñan Franciara

Allegatu errez;

Elioren (1) esperanzan

Onegatik pozez,

…ecibitu gaitu

…az eta amorez.

11.

Ezquerra galduak

Ezperanza emandu,

Onen mendean pozez

Bizcor guera gu;

Pruebarin asco

Lenago ere amandu,

Guizon piña eta

Ala eguingo du.

12.

Orra amabi berso

Francian jarriak,

Ez daude ongui bañan

Dirade eguiak;

Emendican aurrera

Zabaldu beguiak,

Obetogo artzeko

Nor bere neurriak.

(1) Joakin Elio, general karlista. Lehenengo gerran Nafarroako komandante nagusia izana. Ez zuen Bergarako Hitzarmena onartu eta altxamendu karlista guztietan parte hartu zuen.

 

Joaquin Julian Alzaa.

Joaquin Julian Alzaa. San Telmo Museoa