Johann August Suter eta urrearen sukarra Kalifornian

2011/06/09 bibliografia
Johann August Suter suizarra Kaliforniara aitzindari iritsi zen 1839.ean, oraindik Mexikoren lurraldea zenean. Hamar urteetan “Helvetia berria” deitu zuen lurraldea bereganatu zuen, Suitzaren tamaina gainditzen zuena. 1848.ean bere lurretan urrea aurkitu zutenean iritsi zen beretzat hondamendia.

Suter Kaliforniara iritsi zenean, San Francisco misio katoliko pobre bat besterik ez zen. Sakramento ibaiaren arroan kokatu zen, Sandwich (egungo Hawai) irletan kontratatu zituen 150 gizonekin. Inguruan zituen indigenak uxatuz eta urruti zituen Mexikoko agintariekin negoziatuz, Ipar Ameriketako lur-jabe haundiena bihurtu zen urte gutxi batzutan. “Helvetia berria” bere proiektuak 25.000 hektarea zituen, 1.000 langile, armada pribatu bat, 12.000 abelgorri buru, e.a.

John Suter

Johann August Suter

Baina 1848.ean bere lurretan urrea aurkitu zutenean,nahiz eta isilean mantentzen saiatu, etorri zitzaion hondamendia. Bere langile gehienak Suter utzi eta urrearekin aberasten saiatu ziren eta mundu zabaletik gerturatutako jendetzak bere ondasunak xahutu zituzten. 

Meatzariak Kalifornian

Meatzariak Kalifornian. Le Tour du Monde.

Kaliforniara iristea oso zaila zen garaian, Europa, Asia eta Australiatik, zein Ipar Ameriketako txoko guztietatik, 1849.ean 90.000 pertsona iritsi zirela kalkulatzen da, gerora “the forty-niners” bezala ezagutuko zirenak. San Francisco zen jende uholde honen bilgune nagusia, urtebeten herrixka bat izatetik, 25.000 biztanle zituen hiri bat izatera pasa zen. 

San Francisco

San Francisco. Le Tour du Monde.


Suter bitartean bere inperioa berriro eraikitzen saiatu zen eta urrearen jabetzan bere eskubideen alde borrokatu zuen Estatu Batuen justizian, baina alperrik. Epaile batek 1855.ean lurralde guzti haien gaineko jabetza onartzen duenean, urre meatzariak oldartu eta, berriro ere, bere ondasunak suntsituko dituzte.

Meatzariak

Urrea lortzeko teknika zailtzen joan zen. Meatzariak 1859.ean. Le Tour du Monde

 

John Sutterren bizitza paradoxikoa, urrea aurkitzeak aberastasunak galtzea ekarri ziona, maisuki kontatu zuen Blaise Cendrars idazle frantziarrak L’Or. La merveilleuse histoire du général Johann August Suter eleberrian.