Musealiak proiektuaren atal berria
Musealiak proiektua ondareari buruzko hausnarketak egiteko erabiltzen dugu. Kasu honetan Zumalakarregi Museoak jasotako dohaintza bat hautatu dugu, guretzat hainbat elementu esanguratsu biltzen dituelako. Besteak beste, Charles Frederick Henningsen britainiar boluntarioaren erretratua, izan ere, Lewis egilearen laguna izan baizen.
John Frederick LEWIS. “Zumalicarregui and the Christino Spy”. London, 1841.
Irudiaren egilea, John Frederick Lewis (1804-1876) britainiarra da eta grabatua, berriz, bere aitak, Frederick Christian eta anaiak, Charles George Lewisek gauzatu zuten 1841.ean.
John Frederick LEWIS. "A Spy of the Christino Army brought before the Carlist General-In-Chief Zumalacarregui". Bilduma pribatua.
Irudiaren izenburuak "Armada kristinoaren espioi bat Zumalakarregi jeneral karlistaren aurrera eramana" laburbiltzen du eszena dramatikoa. Jeneral ormaiztegiarraren aurrean liberalen espioia atxilotua dakusagu, bere alboan, belauniko emaztea erreguka ikusten dugun bitartean. Irudiak beste izenburua jaso izan du: "The Spanish Wife’s Last Appeal", alegia “espainiar emaztearen azken erregua”. Drama indartzeko emakumeak haurra besoetan du. Espioitzaren ebidentziak eskutan, Merino apaiza dago mahaian, idazkaria oharrak hartzen alboan duela. Aurrean Tomas Zumalakarregi dute, bere larruzko zamarra eta txapela gorriarekin, zigarroa eskutan. Mahaiaren aurreko aulkian bere kataloxa famatua. Zumalakarregiren atzean Charles Frederick Henningsen, boluntario britainiarra dago, Lewisen laguna eta ormaiztegiarraren lehen biografoa. Londresen 1836.ean The most Striking Events of a Twelvemonth's Campaign with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces liburua argitaratu zuena.
Egileari buruz esan dezakegu "Lewis espainiarra" bezala ezagutzen zela, bere anaia "Lewis indiarra"rengandik bereizteko. Baina John Frederick Lewis margolari orientalista bezala ezagunagoa izan zen, egun britainiar museo nagusietan gordetzen diren eta Turkian eta Egipton bizi izan ondoren egin zituen lanengatik.
John Frederick Lewis. “The Courtyard of the Coptic Patriarch’s House in Cairo". c.1864. Tate Britain.
Guretzat interesgarriagoa da John Frederick 1833 eta 1834 bitartean Espainian egon zela. Hasieran Sevillan, Richard Ford hispanista ospetsuaren etxean hartu zuen ostatu eta berarekin ezagutu zuen garaiko bandolerorik famatuena: Jose Maria el Tempranillo.
John Frederick Lewis. Jose Maria el Tempranillo bandoleroa. 1834. The British Museum.
Lewisek Espainian jasotako irudiak bi liburutan argitaratu zituen. Lehena 1835.ean Londresen: Lewis's sketches and drawings of the Alhambra made during a residence in Granada in the years 1833-4.
John Frederick Lewis. Alhambrako ikuspegia. Museo Nacional del Romanticismo.
Bigarrena ere Londresen argitaratu zuen 1836.ean: Lewis's Sketches of Spain & Spanish Character made during his Tour in that Country in the years 1833-4.
John Frederick Lewis. "Mosque at Cordova". The British Museum.
Baina liburu hauetatik kanpo Lewisek beste akuarela batzuk eskaini zizkion bere Espainiako ibilbideari. Gure grabatuaren oinarri denaz gain, beste bi ezagutzen ditugu. Zumalakarregiren irudia berriro agertzen duena, Estatu Batuetan gordea:
J.F. LEWIS .“Spanish Battle Scene: The Proclamation of Don Carlos.” The Morgan Library Museum. New York.
Erresuma Batuko bilduma pribatuan bestea:
J.F. LEWIS. “The Pillage of a Convent in Spain, by Guerilla Soldiers”.
Lerro hauetatik berretsi nahi dugu Obieta Vilallonga familiarekiko Zumalakarregi Museoaren esker ona.