"Pour Don Carlos" filmaren emanaldia.

2021/12/03
Datorren abenduak 16ean Zumalakarregi Museoak "Pour Don Carlos" filma mutua proiektatuko du, Ormaiztegin arratsaldeko 18:30tan. Azken karlistaldian girotutakoa, 1920ean errodatu zen euskal lurraldeetan. Emakumea izan zen produzitu, zuzendu eta protagonista nagusia, Musidora zinema izar frantsesa.

Film emanaldia

"Pour Don Carlos" erakusketa. Film emanaldia

"Pour Don Carlos" (1921) filma, Espainian La capitana Alegria izenburuarekin estreinatua, da karlistaldien gaia lehen aldiz jorratu zuena. Pierre Benoit idazlearen izen bereko eleberrian oinarritua, Jeanne Roques aktore ezagunak, Musidora bezala ezagutuak, zuzendu, ekoiztu eta protagonista bezala antzeztu zuen. Musidora frantziar zinemaren hasierako izar nagusienetakoa izan zen. Mugimendu surrealistaren musa 1915.ean Les Vampires izenburuko film serie arrakastatsuaren protagonista izan zenetik.

 Musidora Pour Don Carlos

Filmaren fotograma. Baionako Euskal Museoa.

Jaime de Lasuen karlista sutsuaren laguntza jaso zuen filma burutzerakoan eta horrek asko lagundu zion zuzen girotzeko. 1920.ean errodatu zen, gehiena Gipuzkoan, Hondarribia, Oiartzun, Irun, baina baita Elizondo eta Biarritzen.

P.D.C. Guadalupe 

Hondarribiko Guadalupeko ermita aurrean jasotako filmaren fotograma. Baionako Euskal Museoa.

Euskal Herrian errodatutako lehen film komertziala izan zen. Pour Don Carlos filma Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Alemanian, Egipton edo Sirian estreinatu zen. La capitana Alegría Madrilen 1921ko abenduak 16an estreinatu zen, beraz, proiekzioa filmari omenaldi bat da bere mendeurrenean.

 Olivier de Preneste

Filmaren fotograma. Baionako Euskal Museoa.

Zinema mutuaren melodrama erromantiko bat da, guretzat bereziki interesgarria, girotzen duen garaitik gertu zegoelako eta, aldi berean,  1920.go Euskal Herriaren dokumentu antropologiko paregabea delako.

Pour Don Carlos 

Filmaren fotograma. Baionako Euskal Museoa.

Filma galdutzat emana zen baina Toulouseko zinematekak kopia bat aurkitu eta, besteak beste, CNC, Euskal Filmategia eta Lizarrako Karlismoaren Museoaren laguntzarekin zaharberritu du. Filmaren zaharberritzearen arduradun den Toulouseko zinematekatik diote pelikulari lehenengo hamar minutuak falta zaizkiola, alegia, testuingurua adierazten duen sarrera galdu dela.

Fusilamendua 

Hondarribiko harresietan jasotako filmaren fotograma. Baionako Euskal Museoa.

Bere estreinalditik ehun urte bete diren honetan, aukera paregabea duzue Ormaiztegin filma eder hau ikusteko. Aurrez izen ematea gomendatzen dugu, kopuru mugatua.

Kontaktua: Telefonoa, 943 88 99 00 // e-posta, mzumalakarregi@gipuzkoa.eus

Erakusketa

Film emanaldiaren inguruan aldi baterako erakusketa antolatu dugu Zumalakarregi Museoan. Berau burutzeko hainbat erakunderen laguntza izan dugu, bereziki, Lizarrako Karlismoaren Museoa eta Baionako Euskal Museoarena.

"Pour Don Carlos" erakusketa

Tertuliak

Gainera, emanaldi honen harira bi tertulia antolatu ditugu datorren hilabeterako. Lehenak, urtarrilak 11an, emakumea egungo euskal zineman  izango du gaitzat eta euskaraz garatuko da. Ainhoa Gutierrez del Pozo eta Malen Nicholson Gorostiaga  zinemagile gazteak izango ditugu bertan. Bigarrenean, urtarrilak 13an, Karlismoa eta Zinema izango da gaia eta gazteleraz garatuko da. Honetaz solasteko Jose Mari eta Eneko Tuduri adituak izango dira gurekin.

Anima zaitezte eta aurrez izena eman, mesedez.

"Pour Don Carlos" filmaren emanaldia.

"Pour Don Carlos" avec: Musidora