Tandilgo sarraskia. “¡¡¡Maten siendo gringos y vascos!!!”

2012/01/19 karikaturak
Argentinako Panparen erdiko Tandil herrian, 1872.eko lehen egunean, atzerritarren aurka oldartu zen gautxoz eta peoiez osatutako jendetza. Erasoa jasan zutenen artean gehienak euskaldunak ziren.

1872.go urte berria gogorra izan zen Tandil herriko emigratzaileentzat. Gautxo eta peoi talde jendetsu batek, “Tata Dios” petrikiloaren jarraitzaileak, Argentinako Panpa erdiko herri honetan kanpotarren aurkako sarraskia burutu zuten. Urte zaharreko festa ondoren estantzia batean bildutako jendetzak Tandil herri erdira jo zuen, “Viva la Patria”, “Viva la religión”, Mueran los masones” eta “Maten, siendo gringos y vascos” ohiukatuz. Herriko epaitegian ostutako sableak erabiliz atzerritarren aurka oldartu zen gautxo eta peoiez osatutako jende piloa.Harrapatu zuten lehena, “organiloa” jotzen zuen italiarra izan zen, bizi leku zuen plazan bertan txikitu zuten. Ostean gurdien plazara jo zuten eta bertan zeuden bederatzi gurdizain euskaldun erail zituzten. Ondoren  Juan Txapar euskaldunaren biltegi eta ostatura jo zuten eta han aurkitu zuten orori lepoa moztu zioten, familia osoa, bertako langileak, apopiloak, bost urtetako neskatxa eta haur jaio berria tartean, Azkenik inguruetako estantzietara jo zuten atzerritarren bila, guztira 36 hildako eraginez.

 

Panpa

Karabana Panpan zehar. Le Tour du Monde.


Tandilen guardia talde bat osatu zen sarraskigileen atzetik joateko. Harrapatu zituztenean bertan 11 hil zituzten, dozena bat atxilotu eta besteak panpan zehar sakabanatu ziren. Atzerritarren aurkako giroaren eragile nagusia, Jerónimo de Solané, “Tata Dios” bezala ezaguna eta bere burua humanitatearen salbatzailetzat zuena, festa ospatu zen estantzian atxilotu zuten. Errugabe aldarrikatu zen, baina herriko presondegian zegoela bi tiro jo eta erail zuten, argitu gabe gelditu zen gertaeran.
Epaituen artean hiru heriotz zigorrera kondenatuak izan ziren, tartean Esteban Lasarte gautxoa, zeinek bere kidea fusilatzen ikusi ondoren, honela eskatu omen zien bere trebezia eskaseko fusilatzaileei: “Para mí acérquense más, porque ustedes son chambones y esto ya debía haber terminado”.

 

Buenos Aires

Buenos Aires. Le Tour du Monde.

Gertaera honen atzean Argentinako estatuaren egituratze arazoak zeuden. Batetik agintariek inmigrazioa bultzatzen zuten lurraldea jendeztatu nahiean. Juan Bautista Alberdik, 1853.eko argentinar konstituzioaren egileak honela zioen: “gobernar es poblar”. Indigenak mespretxatzen zituztenez, europar inmigrazioa sustatu zuten herrialdearen azkundea lortzeko. Baina iritsi berrien arrakastak bertakoen haserrea pizten zuen. Gainera, bost urtez luzatu zen Paraguayren aurkako gerra gertatu berria zen eta Argentinan jaiotakoak bakarrik parte hartu zuten, gogo txarrez, emigratzaileek lurrak lantzen jarraitzen zuten bitartean.

 

Patagoiak

Patagoiak. Irudiaren iturria.


“Tata Dios” petrikiloak argentinar lur jabe, peoi eta gautxoen haserrea, iritsi berrien aurka bideratu zuen, mezu mesianikoak erabiliz. Hildakoen artean, britainiarrak, daniarrak eta italiarrak aurki ditzakegu, baina gehiengoa emigratzaile euskaldunek osatu zuten. Agian zenbaitzu Euskal Herrian eztanda egitear zegoen Bigarren Karlistadatik ihesi.

 

emigrazioa

Emigrazioari buruzko karikatura. Guardiazibilak itsas untzira bideratzen dituzten bitartean, marinelek zuzenean hilerrira joatea hobe dutela diote.