Uranga jeneralaren egunerokoa

2018/05/30
Zumalakarregi Museoan lagatze berri bat jaso dugu. Jose Ignacio Uranga jeneral karlistaren egunerokoaren eskuizkribua. Izan ere, Donostiako Nuñez Astrain familiak bere arbasoa izan zen Felipe Camarero-Nuñez zalditeriko komandanteak idatzitako pieza bitxi hau belaunaldiz belaunaldi jaso du eta, orain, Zumalakarregi Museoan uztea erabaki du ikerlarien eskura.

Felipe Camarero-Nuñez Jose Ignacio Uranga jeneral azpeitiarraren laguntzailea izan zen Lehenengo Karlistadan eta, ostean, bere iloba Josefa Galdos Urangarekin ezkondu zen.

Felipe Camarero Nuñezen erretratuaren xehetasuna. Nuñez Astrain familiaren bilduma.

Egunerokoak, 1957an Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratua, Lehenengo Karlistadaren ia lau urte jasotzen ditu, 1834ko urtarrilak 12an hasi eta 1838ko urriak 24ra arte. Uranga jeneralak bizitako gertakizun militarrak egunez egun, pausuz pausu jarraitzeko aukera eskaintzen digu, labur eta zehatz, ia komentarioei lekurik utzi gabe.

 

Uranga jeneralaren erretratua. Nuñez Astrain familiaren bilduma.

Besteak beste, 1837ko irailean Andoainen gertatutako borroka odoltsuaren berri zuzena eskaintzen digu eskuizkribu benetan interesgarri honek.

Eskuizkribuaren ikuspegia.

Gainera Museoan aurrez jasotako lagatze baten osagarri izango da eskuizkribua, izan ere, 2001.ean Tolosako Aita Sakramentinoek Urangaren ezpata bat eta bi domina, horietako bat San Martzialgo batailan lortutakoa, utzi zituzten Zumalakarregi Museoan.

Uranga jeneralaren ezpata.

Lerro hauetatik gure eskerrik beroenak Donostiako Nuñez Astrain sendiari eta, bereziki, lagatzearen ardura hartu duen Haritz Nuñezi. (Ikusi berak egindako obraren aurkezpena)

Uranga jeneralaren egunerokoa

Isidore Magues. "Gl. Uranga" xehetasuna. Zumalakarregi Museoa