Zumalakarregi Museoa, Iparragirreren ibilbidean

2020/02/04
"Hiru Herri bizitza bat ekimena; XIX.mendera bidaiatu" mundua Jose Mari Iparragirreren begietatik ikusteko aukera eskaintzen digun bisita turistikoa aurkeztu da otsailaren 3an, Urretxuko udaleko atarian.

Aurkezpenari Jon Luqui Urretxuko alkateak eman dio hasiera, ekimen hau Iparragirre2020 proiektuaren helburuak argien islatzen dituen proiektua dela aipatuz: Iparragirre ezagutzera ematea, Partehartzea eta elkarlana sustatzea, hiru proiekturen baturatik sortutako ekimena baita (Hexi2deren “Angela Kerexetaren bisitak”, Iñaki Casasen “QRen ibilbidea” eta Udalak museo bat egiteko zuen proposamena) , eta gainera 3 herrien arteko elkarlana sustatzen duena, Urretxuren izena ezagutzera ematea, jendea Urretxura erakartzea baitu helburuetako bat eta 2020tik haratago joatea, Iparragirre2020ren itzalean museo bat sortu baitugu, 2021ean ere hemen egongo den eta garatzen, osatzen eta eboluzionatzen joango den museo bat.

Jarraian Maialen Fidalgo, sustapen soziokulturaleko zinegotziak ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu. Proiektuak hiru elementu edo pieza dituela aipatu du, Urretxu, Igartubeiti eta Zumalakarregi.

Urretxuren kasuan ez dago museo fisikorik, ezta museoa eraikitzeko toki egokirik edo baliabiderik baina bai Iparragirreren bizitzako eszenatokia izan zen parte zahar bat; “askorentzat ezezaguna eta Jose Mariren bizitzako pasarteak kontatzeko eszenatoki ezinhobea dena; gainera Urretxu bera balioan jartzeko eta jendea bertara gerturatzeko aukera paregabea ematen diguna. Hala, herria museo bilakatzea erabaki dugu”.

Museoa bisitatzeko aukera ezberdinak daudela aipatu du, betiere bisitariaren erosotasuna bilatuz:

  • Era autonomoan, QR kodeen bitartez: Kultur etxean mapa jaso/webetik deskargatu eta markatutako puntuak jarraituz; puntu horietan QR kodean topatuko dituzte, mugikorrarekin enfokatu eta Iparragirreren bizitzako pasarteak entzun eta argazkiak ikusteko aukera izango dute. Bi mapa daude.

                  Mapa urdina: Iparragirreren bizitzako pasarteak, audioak erdaraz eta euskaraz
                  Mapa gorria: XIX. Mendeko argazkiak bere azalpenarekin.

  • Bisita gidatuekin, Hilean behin gida batekin bisita hau egiteko aukera egongo da, bera izango da Iparragirreren bizitzako pasarteak kontatuko dituena. 

Hiru herri bizitza bat

Ondoren Mikel Alberdi historialariak hartu du hitza. Bera izan da Iparragirreren ibilbideko pasarteak, aukeratu, landu eta bisitarientzako formatu erakargarria eman diena.

Alberdik prozesu hori azaldu du, testu sendo eta sakonetatik, bibliografia zabal batetik hasi eta 2 minutuko audio erakargarriak egiteko prozesua; nola grabatu dituzten, bertsoak txertatu, etab.

Kizkitza Ugarteburu, Igartubeiti Baserri-Museoko arduraduna izan da hitza hartzen hurrena. Honek Igartubeiti Baserriak garaiko bizitzara gerturatuko gaituela azaldu du (artoaren gainbehera, etab) gainera Baserriak ba omen ditu Iparragirrerekin eta Urretxurekin lotutako hainbat kontakizun: Villarreal de Urrechua hiribildua eraikitzearen sustatzaile nagusia esaterako, Pedro Yartua izan zen, Igartu etxearen jabea. Hauek ezagutzeko baserrira gerturatzera gonbidatu ditu bisitariak.

Zumalakarregi Museoaren inguruan aritu da gero Mikel Alberdi. Museo honek Iparragirreren testuingurura gerturatuko du bisitaria, Urretxuarrak I. Karlistadan parte hartu baitzuen, eta bi gerren arteko garaian – museoan ondo azaltzen den garaian- eragin handia izan zuten berak eta bere abestiek euskaldunengan. Hori dela eta beti presente egon da Iparragirre Zumalakarregiren museoan, baina 2020 honetan toki berezia emango diote, eta pertsonaian sakondu. Amaitzeko, aldi baterako erakusketa bat ere badutela aipatu du, XIX. mendeko Euskal Emigrazioaren ingurukoa, non Iparragirrek ere, emigrante izan zein heinean, bere tokia duen.

Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasunerko Foru Zuzendariak Iparragirreren letra bat ekarri du gogora “Herrialde guztitan toki ederrak badira..” zioen letra hura, gurean ditugun toki ederrak balioan jartzera gonbidatzeko batetik, eta edertasunetik haratago joateko bestetik. Toki politak eta ederrak ezagutzea ondo dago, baina jendeak zerbait gehiago bilatzen duela aipatu du, eta guk “zerbait gehiago” hori badugula, gure herria, gure historia, gure kultura eta gure euskara; denak lotzen dituena eta desberdin egiten gaituena.

Hala herritarrak bisita honetan parte hartzera gonbidatu ditu, gero enbaxadore lanak egin ahal izateko, eta jendea gure herrietara gerturatzera gonbidatu dezagun.

Prentsaurrekoaren bideoa ikusteko:  klick egin hemen

Informazio gehiagorako: klick egin hemen

Zumalakarregi Museoa, Iparragirreren ibilbidean

Prentsaurrekoa 2020.02.03