Juan Inazio Iztueta euskal idazlea

2011/07/21 grabatuak
Sarean eskuragarri dauzkagun dokumentuen peskizan, zaldibiar honen zenbait lanen aipamena eskaintzen dizugu oraingoan

Zaldibian jaio zen 1767.ean euskal idazle eta ikerlari bitxi hau. Bizitza gora-beheratsua izan zuen Iztuetak, kartzela behin baino gehiagotan ezagutua, Napoleondarren garaian frantsesen laguntzaile, karlistada garaian bi aldeetakoekin inor gutxi bezala ondo moldatu zena.

 

Iztueta

Iztueta, Gaspar Montes Iturrioz margolariaren ikuspegitik


Hona ekarri badugu bere lanak sarean eskuragarri ditugulako da, hain zuzen.
Euskal folklorearen ikerlari eta zabaltzaile izan genuen, folklore hitza bera asmatu aurretik. Bera hil ondoren azaldu zen lehenengo aldiz hitz hau Londresen aldizkari zientifiko batean, bere lan ezagunenak 22 urte zituenean. Izan ere 1824.ean argitaratu baizuen, egun etxetik bertatik kontsulta dezakegun: Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia beren soñu zar eta itz-neurtu edo bersoakin : baita berac ongui dantzatzeco iracaste edo instruczioac-ere. Sancho el Sabio Fundazioaren katalogoan dugu.

 

Dantza Oiartzun

Dantzan Oiartzun inguruan. Irudiaren iturria

 

Euskal dantzak ikertu eta informazio hori argitaratzeaz gain, dantza taldeak antolatu eta bultzatu zituen, bere garaiko ospakizun ugaritan antolatzailearen ardura bere gain izanez. Hala nola, ondoko irudian ikus dezakegun 1840ko abuztuan “Bergarako besarkada” ospatzeko antolatu zen festa hau.

 

Bergara urteurrena

Bergaran pakearen omenez eraikitako monumentua eta lehen urteurrenaren festa. San Telmo Museoa.

 

Baina gurean bereziki interesa zaigu Iztuetaren historigile aldea. Bera hil ostean argitaratu zen lehenengoz bere Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia : ceñetan jarritzen diraden arguiro beraren asieratic orain-arte dagozquion barri gogoangarriac . Bere garaiko lerro historiografikoak jarraitu zituen, noski, baina euskaraz idatzi zuen, bere lanari balio izugarria erantsiz. Bereziki xarmangarria egiten zaigu Koldo Mitxelena Kulturuneko funtsetan gordetzen den bertso sorta hau: Gipuzcuatarren condaira erromatarren demboran. Hemen eskuizkribua. Bertan, garaian uste zen bezala, gipuzkoarrak Erromako inperioaren menpe sekula ez egotea arrazoitzen du.