Manuel Iradier

Manuel Iradier Gasteizen jaioa zen 1854an, eta txiki-txikitatik jakinmin izugarria izan zuen. 15 urterekin “La exploradora” elkartea sortarazten du, Ertafrika esploratu eta zibilizatzeko asmoz. Stanley ospetsua Bigarren Karlistadaren berri ematera etorria zen Euskal Herrira, eta bi aholku nagusi eman zizkion: hasteko, espedizio bat antolatzeko bi gauza zirela behar-beharrezkoak: dirua eta dirua. Horretaz gain, esperientzia hartzeko helburu apalago bat aukeratzeko esan zion, Iradierren lehen asmoa amets hutsa baitzen, alegia Afrika osoa zeharkatu, Hegoafrikatik Libiaraino, gutxi gora behera 7500 km, gehien gehienak gizon zuriaren oinak inoiz zapaldu gabeak.

Diru kontuetan ere, batere laguntzarik jaso ez zuenez, bere sos guztiak xahutu zituen lehen bidaian, 1874an. 1877an Gasteizera itzuli zenean, Afrikan jaiotako alaba Afrikan lurperatua zuen; bera ere bizitza osorako geratu zitzaizkion sukar intermitenteak pairatu zituen. Ez zuen dirurik, ez zuen ongietorririk izan, baina ez zen esku hutsik bueltatu. Ordurarte Ginea inguruan egindako azterketarik sakonena egin zuen. Kosta eta barnealdeko mapa zehatzak egin; intsektu eta landare ezezagunak -europarrentzat, noski- lehen aldiz klasifikatu; haizea, euria, presio atmosferikoa eta hezetasuna neurtzeko laboratorio atmosferikoa eraiki; bertakoen hizkuntzak, tribuen banaketak, erlijioak, musika, ohiturak jaso; prospekzio geologiko-mineroak egin... Madrileko Sociedad Geográficak mapak eta ikerketak argitaratu zizkionean, ospe handia hartu zuen, eta Real Academia de la Historiako kide izendatu zuten.

La exploradora berrantolatu zuenean, honako esaldi hau izango zen ardatza: El porvenir de España está en Africa y la gloria de Euskaria es que sus hijos la exploren.

1884an Afrikara itzuli zen, eta 14.000 Km. koadroko eskualdea esploratu. Osasuna zela-eta bueltatu behar izan zuen. Harrez geroztik proiektu desberdinetan ibili zen. Adibidez, inprimategietan erabiltzeko konposiziorako kaxa tipografiko arin bat asmatu zuen, baita ur-kontagailu automatiko bat, edo fototakimetro bat, eta abar. Astronomia ikerketak ere egin zituen, eta bestelako lanbideetan aritu. Iradier ez zen geldi egotekoa. Dena den, bere lanak gehiegi goraipatuak edo erabat ahaztuak izan ziren bizi zen artean.

Manuel Iradier y Bulfy: Viajes y trabajos de la asociación euskara La exploradora. Fragmentos de un diario