Eraso karlista Behobiari. 1874ko urriak 12.

2025/08/20
Bigarren karlistaldian Irun liberalen eskutan egon zen eta karlisten helburu bihurtu zen. 1874ko urrian Behobiako auzoa erasotu zuten eta britainiar eta frantziar prentsak zabal jaso zuen berria. Karlistek arma berri bat probatu zuten eraso honetan: barrikada mugikorra.

Prentsa britainiarrak arretaz jarraitu zuen Bigarren Karlistaldia. Horren eredu dugu The Times prestigiotsua. 1874ko urritik azaroraino izan zuen korrespontsala Hendaian, ia egunero berriak bidaliz. Antzeko jarraipena egin zuten The Graphic, an illustrated newspaper eta The Illustrated London News aldizkariek. Lehenengoaren berriemaile Vincent Kennett-Barrington Gurutze Gorriko partaidea izan zen. Baita Le Monde Illustré frantziarrarena ere Behobiako gatazka honetan.

Le Monde Illustré. 1874-X-31

Le Monde Illustré. "Affaire de Behobie". Paris, 1874ko urriak 31.

Aurrez aipatu izan ditugu Irunen Bigarren karlistaldiaren inguruko gertakizunak. Berriro ere, 1874ko urria hasieratik karlisten mugimenduekin kezkatuta zeuden. San Martzial gainean, Azkenportun eta inguruko beste puntuetan ikusten ziren prestakuntzak bi arrazoi izan zitzaketen: berehalako erasoa ala arma lurreratze larria. Bete betean asmatu zuten. Irun hartzeko lehenengo pausu modura, Behobiako gotorlekuaz jabetzea zen karlisten helburua.

L'affaire de Behobie.

Karlistek erasorako gurdi blindatu bat prestatu zuten, Jose Joaquin Enparanek Berako burdinolan eraikia. Hilak 10ean iristen da Irunera gurdi blindatua Beratik irten denaren berria. Behobia defendatzen duen destakamentua indartzen du Juan Arana komandanteak. Hilak 12ko goizaldera hasi zen erasoa. Karlistek Behobiako gotorleku ondoko etxeak hartzen dituzte eta bertatik su egiten dute.

The Graphic. Carlist besieging republicans

H.Harrald. "Carlists besieging republicans in the fortified customs house of Beobia". The Graphic. 1874-X-31. Iturria.

Gotorlekua sendoa da eta bertan dauden 11 karabineroak eta 29 mikeleteak prest daude erasoari eusteko, baina munizioz eskas dabiltza. Juan Arana komandantea saiatzen da kartutxoak setiatuei iristarazten. Frantziatik lehenengo baina agintari frantsesak ez diete uzten. Bidasoa ibaitik gero, baina karlistek tiroz erasotzen dituzte liberalen txalupak eta ez dute iristea lortzen.Gainera txalupan zihoazen bi mikelete eta boluntario bat hil zituzten eta beste bi mikelete zauritu. Orduan Aranak Irunen dauzkan indar eskasekin Behobiako setiatuei zuzenean laguntzea erabakitzen du.

The Graphic. A race for life.

Vincent Kennett-Barrington. "A race for life: an incident of the recent carlist attack on Behobia". The Graphic. 1874-XII-5. Iturria.

Bitartean gurdi blindatua Behobiako gotorleku parera iritsia zen. Su-jaurtigalu sistema bat ere bazuen, baina liberalak konturatu ziren oinak agerian geratzen zitzaizkiela gurdia mugiarazten zutenei eta haruntza zuzendu zituzten tiroak. Karlistek gurdi blindatua utzi behar izan zuten bertan.

Vierge. Barricade roulante.

Vierge. "Barricade roulante". Le Monde Illustré. 1874-X-31.

Eraso hau bertsotan ere kantatu zen:

Urriaren amabian

gurdi burnizko aundian,

karlistak sartu nairik ibilli

ziran Beobian;

bañan ziranean iyan,

oso estura larrian

arkitu ziran, mikeleteak

arturik erdian.

 

Barrikada ibiltaria mikeleteen eskutan

Barrikada ibiltaria mikeleteen eskutan. Irungo Udal Artxiboa. Jaime Rodríguez Salís funtsa.

Prentsa britainiarrak karlistek erasoan erabilitako beste trikimailuak ere jaso zituen.

A waste of Republican powder.

"The Civil War in Spain: sketches from the battle of Behobia: A waste of Republican powder." The Illustrated London News. 1874-X-31. Iturria.

Alegia, errepublikanoak bolbora xahutzeko trikimailua. Dena den, Juan Aranak Irungo hiribildutik etorriz zuzendutako erasoa arrakastatsua izan zen eta karlistak erretiratzea lortu zuen.

Vincent Kennet-Barrington Gurutze Gorriko partaidea eraso honen lekuko izan zen eta Parisko Le Monde Illustré egunkariak argitaratutako bere testigantza jaso dugu:

"Baiona, urriaren 15a. (...) Aduanako etxe gotortuaren erasoa, Bidasoa estaltzen zuen laino trinkoa zegoenean. Karlistek, 1.500 inguru, ibai ondoko etxeetaraino egin zuten aurrera; gero, etxe batetik bestera zuloak eginez, zubiaren bururaino iritsi ziren, Aduana eta berrogeita hamar gizonen postua inguratuz alarma piztu baino lehen. Egunsentia altxatu eta gutxira, alarma zabaldu zenean, mosketeria deskarga bizi batek aktoreak eta ikusleak esnatu zituen. Goarnizio frantsesak, kontrako ertzean, armak hartu zituen. Karlistek etxez etxe egiten zuten aurrera, hormek babestuta, eta errepublikanoak ezkutuan geratzen ziren, bi alderdiak elkarri tiroka, elkar ikusi gabe. Irungo kanoia tartean sartu zen orduan, baina ondorio handirik gabe; izan ere, iritsi zitezkeen jaurtigaiak gorabehera, karlistek beren babeslekuen atzean jarraitzen zuten. Azkenean, Irungo goarnizioak lagundu zion postuari. Hogeita bost mikeletek karga bat egin zuten baionetaz; katuak bezala igotzen ikusi zituzten etxeetako bidegurutzeetatik, eta eskuak odolez tindaturik irteten. Karlistek ihes egiten dute gizon mordo horren aurrean. Arratsaldean dena bukatua zen. Hala ere, Irungo kanoiak tiroka jarraitzen zuen, eta zenbait obus Frantzian erori ziren, soldadu bat hil eta emakume bat besoan zaurituz. Nire zirriborroak sutan dagoen herria irudikatzen du. Sartu eta berehala, mikeleteek su eman zioten, karlistek Aduanako sutean erabili eta ihesean abandonatu zuten petrolioa erabiliz. Diotenez, hainbat bizilagunek aurkitu dute heriotza su-ontzi horretan. Ikuskizun goibel bezain beldurgarri eta aldi berean pintoreskoa zen."

Kennet Barrington. Behobia sutan.

 V. Kennet-Barrington. Le Monde Illustré. 1874-X-24.

Azkenean, gehienetan gertatzen den bezala, herri xeheak jasan zituen gerraren ondorioak.

The Graphic. Republicans burning the village of Beobia

H. Harrald. "The Civil War in Spain: Republicans burning the village of Beobia". The Graphic. 1874-X-31. Iturria.

 Illustrated London News. After the battle.

"Sketches from the Battle of Beobia : after the battle". Illustrated London News. 1874-X-31. Iturria.

Dena den, karlistek Behobiako erasoaren porrota nola hala disimulatzea lortu zuten, izan ere, gau hartan arma lurreratze itzela egin zuten Hondarribiko Higer lurmuturrean. Honela adierazi zuten Tolosan urriak 17an argitaratutako El Cuartel Real aldizkarian: 

“Behobiaren aurkako operazioak Bidasoan kanoien, fusilen eta kartutxoen lurreratzea babestea izan du helburu. Lurreratzea lortutakoan Behobia utzi dugu, ez baigara oraindik serioski erasotzen saiatu.”

Le Monde Illustré. Débarquement d'armes.

"Débarquement d'armes". Le Monde Illustré. 1873-IV-12. 

Bi egun lehenago, urriak 15eko The Times egunkariak antzeko planteamendua egiten zuen. Sei kanoi, 3.000 fusil eta 500.000 kartutxo lurreratu zituztela karlistek Higer lurmuturrean:

“Behobiako zubiaren erasoa amarru bat besterik ez zen, goarnizioaren arreta nahasteko arma eta munizio lurreratzea egiten zen bitartean.”

Irungo udalak, bitartean, Probintziako Komandante Jeneralari idazten dio Behobiako borrokan goarnizioaren merituak goraipatzen . Bereziki Juan Arana komandanteari, bere zuzendaritza egokiari zor zaiola askoz ere ugariago ziren karlistak menperatzea. Baita Luis Hidalgo artilleriako tenienteari. Bere kanoikada trebeak ere erabakiorrak izan zirelako bezperako garaipena lortzerakoan.
Behobiako gotorlekua
Mikeleteak Behobiako gotorlekuan. Irungo Udal Artxiboa. Jaime Rodríguez Salís funtsa.
Hori bai, bi militar hauei dagozkien sariak ematea ondo deritzo udalari, baita maila-igoerak badira ere, baina ez ditzala agintari militarrak lekuz aldatu, izan ere Irungo defentsarako erabakiorrak izango ziren biak ala biak, handik hilabete eskasera, azaro hasieran hiriak jasango zuen eraso nagusirako. 

 

 

Eraso karlista Behobiari. 1874ko urriak 12.

Illustrated London News. 1874-X-31.