Martingo, karlisten altxamenduaren babes leku.

2023/01/24
Biriatuko baserri baten izena da Martingo, Bidasoa ibai ondoko bailara batean, alboan dituzten irundarretik izkutatua. Bertan karlista taldeak bildu, armatu eta trebatzen ziren gertu zegoen altxamendua prestatzeko, Irungo udal liberalaren salaketen bidez dakigunez 1869ko azarotik hasita.

Martingo bereziki aipatua izango da 1870ko udako altxamenduaren inguruan. Escodada izenez ezagutu zen karlisten matxinada zapuztuan paper garrantzitsua jokatu zuen.  

 Martingo

Biriatuko Martingo baserria 1936.ean erre aurretik. Markox Zubialdek utzitako argazkia.

Irungo udalaren salaketak dio altxamenduaren bultzatzaile eta egile nagusiak mugan daudela. Biriatuko Martingo deitutako puntuan sortu dela espainiar lurraldea inbaditu eta instituzioen aurka joatea helburu duen taldea. Irundar asko engainatuak izan direla, lurralde horretara eramanak eta beraien ahaideen iritziaren aurka bahituak. Eta puntu horretan eskualdeko hainbat gazte armez eta munizioz hornitu dituztela bere helburua lortze arren.

Boluntario karlista

Boluntario karlista. Irudiaren iturria.

Gainera arma eta munizio horien bitartez erreboltariak bahitutako pertsonak bere eskutan mantentzea lortu dute, kanpamendura inor gerturatu ez dadin guardiak eginez. Ondoren espainiar lurraldera sartu dira gobernuaren aurka borrokatzera.

Irundar agintarien iritziz Martingon babesten diren 400 gazteen gehiengoa apaizek engainatutako nekazari letragabeak dira, behin armatu eta trebatu ostean altxamendura behartutakoak. “Taldeak zentinelak jarriak zituen kanpamenduan, taldekide ez zen inori sarrera galerazteko, bereziki partaideen anai eta aitei, ez zitzaten taldea uztera animatu. Izan ere, emazte batek bere senarra erretiratua baizuen arestian. Honek esan nahi du taldekide asko behartuak daudela, beraz, bahituak, gehienak nekazari gazte xumeak baitira, apaizek beraiengan duten eragin izugarriaz baliatuz engainatuak”.

 Boluntario karlistak

Boluntario karlistak.  Irudiaren iturria.

Gobernadoreari 1870.go irailak lehenean idatzitako gutunean irundar agintari liberalek Martingon dauden karlisten altxamendurako komunikazioetaz Juan Eloy Udabe presbitero irundarra arduratzen dela diote. Bertan dago baita Vicente Manterola, Gasteizko katedraleko apaiza eta diputatu karlista altxamendu saikeraren eragile nagusienetakoa herrikide dugun beste diputatua den Tirso de Olazabalekin batera.

 Las nuevas cruzadas

 Tomás PADRÓ. “Las nuevas cruzadas”. Bixente Manterola da karikaturaren protagonista. Iturria.

Gutun hau idazten ari ziren bitartean, Irun eta Oiartzungo 200 bat mutil Nicasio Otamendi brigadierraren gidaritzapean mendira jo zuten. Oiartzungo Altzibar auzoan Juan Arana kapitaina eta bere mikeleteekin topo egin zuten. Hauek atzetik zituztela Iturriozko bentaraino iritsi ziren eta menperatuak izan ziren. Karlistek hildakoak izan zituzten, baita 14 preso ere, azkenik taldea sakabanatu arte. Karlistek ez zuten hiria erasotu eta Espainian sartu arren, mendietan harat-honat ibiltzera mugatu ziren, indar leialak gainean zituztela.

 F. Mugica. Irun

Fidel Mugica. “Vista de Irun : puente del ferro-carril sobre la Bidasoa.”. Iturria. 

Handik aste batzutara Irungo udalak prestatutako txostenean ikus daitekeenez karlisten alde borrokatzera abuztuak bukaeran ihes egindako herritarrak 93 izan ziren.

Guztien artean gehienak ezkongabeak ziren, normala denez, baina deigarria da, bakoitzaren lanbidea adierazten duenez, nekazarien kopurua herena bakarrik zela. Beste bi herenak herrian lan egiten zuten ofizio desberdinetan, trenbideko langileak, okinak, txokolategileak, ebanistak, poxpolo fabrikako langileak, espartingileak… baina espero zitekeen baino nekazari gutxiago. Alegia, agintari liberalek aurrez aipatutako nekazari letragabe engainatu guztiak ez ziren nekazariak.

Hala ere, handik ia bi urteetara eztanda egingo zuen gerrak aurrekari ugari izan zituen eta horietako batzuk Biriatuko Martingon sortu ziren.

Martingo, karlisten altxamenduaren babes leku.

Karlisten errekrutatzea