Gipuzkoa osatzen.

2025/07/29
Zumalakarregi Museoak "Ipuscua" proiekturako aurkeztu duen proposamenean, "Gipuzkoa behin betiko" aldi baterako erakusketan, gure lurraldeak XIX. mendean jasandako aldaketak aztertzen dira. Horien artean bada gutxi ezagutzen den bat, 1805.ean Hondarribia eta, bide batez, Irun eta Lezo Nafarroaren parte izatera pasa zirenekoa.

Erakusketa honetan Gipuzkoak gaur egun ezagutzen dugun lurraldea nola osatu zuen agertzen da. Gorabehera haundiak egon ziren eta horietako bat mende hasieran gertatu zen. Nafarroaren merkataritzaren egoera, Hondarribiko hondamendi ekonomikoa eta Gipuzkoaren “traizioa” zigortzeko batzuek zuten gogoak bat egin zuten sekretupeko negoziazio baten ondoren Hondarribia Nafarroara anexionatzea lortzeko.

Mugica. Fuenterrabia

Fidel MUGICA. "Vista de Fuenterrabia". 1870. KMK. Iturria.

Nafarroa, XVI. mendetik hasita, hainbatetan saiatu zen itsasora irteera bereganatzen bere merkataritzaren onerako. XIX. mende hasieran Hondarribia egoera ekonomiko larrian zegoen eta Konbentzioaren kontrako gerraren ostean Madrilgo gobernua Gipuzkoa Frantziar Errepublikaren parte izatearen aldeko negoziazioak egin izana zigortzen saiatu zen. Honela Jose Vargas Ponce itsasgizon eta ikerlariaren bitartekaritza sekretua erabiliz, Godoyren gobernuak Hondarribia, Irun eta Lezo Nafarroaren parte izatea agindu zuen 1805eko irailak 26ko Erret Aginduaren bitartez.

Marqués de las Amarillas. Hondarribia Nafarroara

Hondarribia, Irun eta Lezo Nafarroaren parte egiten zituen agindua. 1805-X-18.

Gipuzkoako probintzia, Irun eta Lezo aginduaren aurka agertu ziren, baina berau indarrean egon zen bederatzi urtez. Izan ere, Frantziarren inbasioa tartean egon zen eta hau bukatu arte agindua indarrean zegoen, nahiz eta eraginik ez zuen izan azken urte horietan.

Fidel Mugica. Irun.

 Fidel MUGICA. “Vista de Irun”. KMK. Iturria.

Gertakari hau, Hondarribia eta Irun Nafarroaren parte izatearena, bitxikeri bat besterik ez zen izan baina Gipuzkoaren lurraldea erabat osatu gabea zegoela adierazten digu. Erakusketa honetan agertzen diren beste hainbat gertakariren antzera. Bide batez, erakustaldian ikus ditzakezuen hainbat grabatu ere eskaintzen ditugu sarrera honetan, originalak dastatzeko bertaratzea proposatzen dizuegun bitartean.

Fidel Mugica. Lezo

Fidel MUGICA. "Vista de Lezo". KMK. Iturria.

Uda honetarako zeregin ederra duzue Ormaiztegin "Gipuzkoa behin betiko: lurraldea XIX. mendean" aldi baterako erakusketa disfrutatzea.

Gipuzkoa osatzen.

T.L. Hornbrook. "The principal street of Fuentarabia"