Gipuzkoaren hiriburua

2025/09/11
“Gipuzkoa behin betiko: lurraldea XIX. mendean” aldi baterako erakusketan, besteak beste, Gipuzkoako hiriburuaren erabakitze prozesua aztertzen dugu, izan ere, XIX. mendera arte lurralde honek ez zuen hiriburu zehatzik izan. Espainian sistema liberala indarrean jarri zenean Gipuzkoarrak hiriburu bat izatera behartu zituen. Hara hemen erabaki honen bidea nola hasi zen.

Foru sistema indarrean zegoenean Gipuzkoak ez zuen hiribururik. Foru Aldundia zegoen herria bihurtzen zen hiriburu. Dena den, Aldundiaren tandako egoitzak lau ziren: Azpeitia, Azkoitia, Donostia eta Tolosa. Baina Aldundia eta Batzar Nagusiak beste herrietan ere kokatzen ziren, honela lurraldearen hiriburua etengabe aldatuz. Esaterako, 1794.ean frantziar iraultzaileak Gipuzkoan sartu zirenean hiriburua Getarian zegoen, Aldundia bertan zegoelako.

Getaria 1794.

Armada frantsesak 1794.ean egindako Getariako planoa. Iturria.

Liberalismoa Espainiako erreinuan indarrean jartzen zenean Gipuzkoa, gainerako probintzietan bezala, hiriburua kokatzera behartzen zuten. Lehenengo ahalegina Hirurteko liberalean (1820-1823) izan zen. Lurraldeen banaketa berria proposatu zenean, Donostia eta Tolosa probintziaren hiriburutza bereganatzeko lehian hasi ziren.

Salneuve. Tolosa 1823

Salneuve. "Tolosa". Iturria.

Tolosako udalak 1821.eko irailean, Pedro Nolasco de Telleria arkitekto eta udal errejidoreari Gipuzkoako mapa topografikoa egin zezan agindu zion, probintziaren hiriburutzarako Tolosaren egokitasuna frogatze arren. Mapa hau gure lurraldean egin zen lehenengo grabatu litografikoa izan zen.

 Telleria. Mapa de Guipuzcoa

Pedro Nolasco de Telleria. "Mapa de Guipuzcoa". Tolosako Udal Artxiboa.

Mapa hau Madrilgo Gorteetako diputatuei banatu zitzaien, honela Tolosa Donostia baino askoz egokiago zela uler zezaten. Bertan dionez, Donostiako inguruan - "el color carmesí"- 17 herri eta 30.000 biztanle dauden bitartean, Tolosatik gertu -"el pajizo"- 77 herri eta 78.000 biztanle. 

Hala ere, Madrilen hartu zen erabakia Donostiaren aldekoa izan zen. Hona hemen Donostiako prentsan jasotako bere hautapenaren defentsa.

El Liberal Guipuzcoano. 1821-X-26

El Liberal Guipuzcoano. Donostia, 1821ko urriak 26ko gehigarria. Gipuzkoako Artxibo Orokorra.

Artikulu hau Tolosan erabilitako argumentuen erantzun zuzena da: "Demostración de la justicia con que las Cortes han declarado a la ciudad de San Sebastian capital de la provincia de este nombre."

Gainera, Madrilen hartutako beste erabakia ere aipatzen du, alegia, probintziaren izenaren aldaketa.

Provincia de San Sebastian

Izan ere, Espainian probintziek hiriburuaren izena daramatenez, gauza bera erabaki zuten Gipuzkoarako.

Honekin batera lurralde agintariak Donostian kokatzea agindu zen. Ondoko dokumentuak argi uzten du erabaki hau ez zela bapatean bete, izan ere, 1822ko udan oraindik Diputatu Nagusiak Tolosatik idazten du.

Gobierno politico de la provincia de San Sebastian

Diputazioaren agindua. Tolosa, 1822.eko uztailak 5. Gipuzkoako Artxibo Orokorra.

Madrilen urtarrilean hartutako erabakia uztailean bete gabe zegoen.

Taylor. St. Sebastien

 Isidore Justin Séverin Taylor. "Saint Sebastien". 1823. San Telmo Museoa. Donostia.

Baina Donostiaren hiriburutzak, zein lurraldearen izen aldaketak oso gutxi iraun zuen. Izan ere, Europako potentzia absolutistek bidalitako San Luisen Ehun Mila Semeak izenez ezagututako armadak gobernu liberala desegin eta Fernando VII berriro errege absolutu bezala ezartzearekin, foru sistema ere indarrean jarri zen, atzera Gipuzkoa hiribururik gabe utziz.

Salneuve. Tolosa. Duc d'Angouleme

SALNEUVE. “Vue de l'entrée de Tolosa : au moment où la Division Loverdo y arrive et défile devant S. A. R. Monsigneur Duc d'Angoulème”. Bizkaiko Foru Liburutegia.

Beraz, gure lurraldearen hiriburutza, azkenean nola erabaki zen ezagutu nahi baduzu, zatoz "Gipuzkoa behin betiko: lurraldea XIX. mendean" aldi baterako erakusketa ikustera Ormaiztegira.

 

Gipuzkoaren hiriburua

Gipuzkoaren alegoria.