Joaquin Julian Alzaa.
Joaquin Julian Alzaa Oñatin jaio zen 1798.ean, bertako familia garrantzitsu baten baitan. Zuzenbidea ikasi zuen eta abokatu lanean hasi zen bere jaioterrian.
Zuzenbide irakasle izan zen Oñatiko Unibertsitatean, liburuak utzi eta Don Carlosen alde armak hartu zituenean.
SAIZ. "Colegio universidad de Ońate." Iturria.
Oñatiko Errealisten Konpainian, 1823tik aurrera, teniente izan zen, bere anaia Francisco Jose buru zuen bitartean. Alegia, absolutistekin lerratua egon zen hasieratik.
Karlistaldiak eztanda egin zuenean karlistekin bildu zen, hainbat borroketan parte hartuz. Gipuzkoako Lehenengo Bataloiaren komandante zela boluntario gazte bat bildu zitzaion bere arma taldera: Jose Mari Iparragirre. Hau gero Don Carlosen Ohoreko Guardiaren partaide hautatu zuten.
BRINGAS. "Jose Maria Iparraguirre: cantor popular, autor del zortzico Guernicaco arbola." Iturria.
Alzaa oñatiarrak, berriz, Oriamendiko batailan parte hartu zuen, karlisten garaipen sonatuenean, alegia. 1837ko martxoa zen Donostiako tropa liberalek bere ardurapean zegoen Oriamendiko gotorlekua hartu zutenean.
Britainiar Lejio Laguntzaileko tropek menperatu zuten gotorlekua, Alzaa eta bere soldaduak Hernanira erretira araziz. Baina biharamunean, liberalek Hernani hartzera jo zutenean, karlistek Don Sebastian infantearen tropen laguntza jaso zuten, Nafarroatik iritsi berri. Joaquin Julian Alzaak ere parte hartu zuen eraso honetan. Britainiarrak Oriamenditik bota eta Donostiako harresietan babestera behartu zituzten. Liberalen porrota sekulakoa izan zen. Lacy Evans britaniarren buruzagiak bere galerak 2.000 gizon izan zirela aitortu zuen.
Thomas Lyde HORNBROOK. "Ernani from the plateau at the Venta of Oriamendi." Iturria.
Fausto Arozena historigileak dio Alzaak uko egin ziola Oriamendiko bataila ostean Donostia bonbardatzeari eta agindu hori ez betetze arren, erreleboa eskatu zuena.
Ondoren Gipuzkoako Lehen Brigadaren buru hautatu zuten. Hernanitik 1837ko apirila bukaeran bere amari bidalitako gutunean honela zioen:
“Ya me tiene U. hecho un señor brigadier; cabo de escuadra lo fuera porque esto se concluyera y cesaren las lágrimas de tantos infelices.”
Ez zuen Bergarako Hitzarmena onartu.
Bergarako Hitzarmena onartu ez zuten karlistek atzerrirako bidea hartu zuten eta borrokan jarraitzeko asmoa mantendu zuten. Don Carlosek bere jarraitzaile sutsuenekin gorte txiki bat antolatu zuen Bourgesen, Loira ibarrean kokatutako hirian.
Didier PETIT de MEURVILLE. "Don Carlos de Bourbon." Iturria.
Alzaa ere Bourgesko gorte karlistan bizi izan zen.
Don Carlosek bere seme nagusiarengan abdikatuko du Bourgesen 1845.eko maiatzean. Erregegai berria, Carlos Luis de Borbon y Braganza, Montemolingo konde bezala izango da ezaguna, Carlos VI.
Didier. PETIT de MEURVILLE. "Cte. de Montemolin. Iturria.
Arazo dinastikoa konpontzeko Montemolin eta Isabel IIaren arteko ezkontza aspaldi proposatu zuten karlista moderatuenek. Behin Isabel II beste lehengusu batekin ezkondu zutenean, Francisco de Asis Borbongoa, 1846.ean irtenbide hau zapuztu zen eta karlistek, berriro, altxamenduaren bidea hautatuko dute.
Karl GIRARDET. “Double mariage à Madrid..." Chateau de Versailles.
Alzaa Frantzian antolatutako konspirazio karlistetan murgildu zen. Arras hirian lehenengo, gero preso Parisen eta Lillen, azkenik Cahors hirian kokatu zen. Ez zegoen Euskal Herrian altxamenduaren alde, ez baizuen giro aproposik ikusten, baina Montemolinen aginduak jarraituz Gipuzkoako altxamenduaren buru jarri zen. Joaquin Elio zen altxamendu karlistaren buru Euskal Herrian eta Alzaak bere atxekimendua erakutsi zion. Baina Eliok Frantzian jarraitzen zuen bitartean, Alzaa 1848ko ekainak 23an sartu zen Nafarroatik, Tolosa hartu eta bertako agintariak atxilotzeko asmoz. Hilak 27an pilota partida haundi bat zegoela baliatuz, antolatu zuten erasoa, baina agintari liberalak aurrez berria jaso eta zain zeuden.
Didier PETIT de MEURVILLE. "Gral. Alzaa." Iturria.
Bigarren plana, biharamunean Soraluzeko arma fabrika erasotzea zen eta hirugarrena, Hernaniko Santa Barbara gotorlekua sorpresaz hartzea, bertako ofizial baten konplizitatearekin. Baina hiruretan porrota izan zuen, agintari liberalak jakinaren gainean baizeuden.
Gainera, 600 gazte bilduko zitzaizkiola esan bazioten, azken gerrako 20 ofizial besterik ez zeuden berarekin borrokatzeko prest. Soraluzen 40 karlista besterik ez ziren bildu eta zain zuten herria erasotu gabe alde egin zuten. Hernanin, berriz, goarnizioa aldatu zuten liberalek, Alzaak bertan zuen laguna kanpora bidaliz.
Porrota erabatekoa izan zen, baina Alzaak oraindik bere jarraitzaileak biltzea espero zuen eta Aralar aldera jo zuen. Urbistondo zen tropa liberalen burua, karlista izandakoa, baina Bergarako Hitzarmenaren bultzatzaile nagusienetakoa izana. Ez zuen Alzaa bere kide bezala ikusten, hainbat urtez batera borrokatu izan arren, altxamendu berri bat eta gerra zibil berri bat eragingo zuen etsaia baizik.
Salcedo. “Antonio de Urbistondo.” Museo de Historia de Madrid.
Alzaa Aralarren ibili zen liberalengandik ihesi. Hasieran Nafarroa aldera, gero Gipuzkoa aldera, Ataunen liberalik ez zegoela pentsatuz, Guardia Zibil eta Mikeleteekin topo egin zuen eta preso hartu zuten uztailak 2ko arratsaldean. Zaldibira eraman zuten eta bertan, epaiketa azkar bat egin ondoren fusilatua izan zen biharamun goizean.
Joaquin Julian Alzaaren odolak ito zuen Gipuzkoako altxamendu karlista 1848.ean.
Hona hemen bere talde kide batek botatako bertsoak, Nicolás Zubizarreta medikuak artzai bati jasoak. Bertsoen transkripzioa Rosa Mª Lázaro historiagilearena da.
1. Egun lucea eta Dembora ecin pasa Bi verso paratzea Noa albanenza; Declaratu nainuque Bereala causa, Erdiak tira baguez Galdudegu baza. |
2. Ogueita amazaspi Diñaden gustiak Puldamentuzco armarik Ez quenduan erdiak; Beltzak emboscaturik Chit ongi jarriak, Gu allegatzerako Arturik neurriak. |
3. Guk arma guchi eta Municio palta, Belzak ongui zequiten Gu nola guebiltzan; Bestetik espia bat Ayetara juanzan, Esanaz egoteco Gueldirican bertan. |
4. Arrondo eta beste sei Guiñaden aurretik Bañan utzi ciguten Pasatzen erditic; Jakinik Generala Cetorrena atzetik, Principala naizuten Arrapatu betik. |
5. Arrondok espazuan Tiroa tiratu Guztiok emboscadan Naiguinduzten artu; Alaere sobre guiñan Aurreracho sartu; Ezpaguiñan aldapan Pizcabat guelditu. |
6. Beltzak corneta joaz Tiroa tiratzen Acordatu ciraden Generala norzen; Ycusi zutenean Bi guizonek eltzen, Bereala asi ciran Oni perseguitzen. |
7. Leger eguiña zan ta Ecinzan muguitu, Besos ceramatenak Ciraden necatu; Veste erremediorik Yñola ecin sortu, Orella nola diguten Guri aita artu. |
8. Beltzak corneta joaz Corrica gugana, Celadoreak ziran Aguertu aurrena; Cibillak bidez bide Cetorren urrena, Erretiratu guiñan Mendiak barrena. |
9. |
10. |
Yzarraguico golpe Onen odorendik Dispersatu guiñaden Nor bere aldetik; Belatzan amorratutzan Gallezcan gugatik Franciara sartu guiñan Beraco mugatik. |
Aita bat galdu eta Bestiaren galdez, Ezguiñan Franciara Allegatu errez; Elioren (1) esperanzan Onegatik pozez, …ecibitu gaitu …az eta amorez. |
11. Ezquerra galduak Ezperanza emandu, Onen mendean pozez Bizcor guera gu; Pruebarin asco Lenago ere amandu, Guizon piña eta Ala eguingo du. |
12. Orra amabi berso Francian jarriak, Ez daude ongui bañan Dirade eguiak; Emendican aurrera Zabaldu beguiak, Obetogo artzeko Nor bere neurriak. |
(1) Joakin Elio, general karlista. Lehenengo gerran Nafarroako komandante nagusia izana. Ez zuen Bergarako Hitzarmena onartu eta altxamendu karlista guztietan parte hartu zuen.