Urtea bukatzen
Urtea bukatzear dugun honetan, praktiketan dugun Manex Urriza ikasleari eskerrak, aspaldian zain genuen eskaintza osatu dugu gure "Soinu artxiboan".
1995 eta 1996 urteen bitartean, Euskadi Irratiko “Salako leihoa” programan tarte bat izan zuen Zumalakarregi Museoak, XIX. mendeko pertsonaien eta haien bizipenen inguruan hitz egiteko baliatuz. Irratsaio horiek entzuteko aukera duzue “Pertsonaiak” atalean.

Frantzisko Espoz Mina da pertsonaietako bat. Iturria.
1998ko “Salako leihoa” programan berriz, Monografikoak atala egiteko aukera izan zuen Zumalakarregi Museoak, eta oraingo honetan, XIX. mendeko gertakizun batzuen inguruan hitz egiteko erabili zen tarte hura. “Monografikoak” atalean entzungai daude iada irratsaio horiek.

Britainiar Legio Laguntzailea da jorratzen den gaietako bat. Iturria.
Bestetik, “Pareak bai” irratsaioa ere izan genuen Euskadi Irratian, bertan XIX. mendeko bi pertsonai parez-pare jartzen ziren, haien bizitzaren inguruko hainbat pasarte eta gertakari kontatuz. Irratsaio hauek entzungai daude iada “Pareak bai” atalean.

Besteak beste, Eugenio Aviraneta eta Jose Antonio Muñagorri parekatu genituen
Bestalde, azaroan "Gipuzkoa behin betiko" aldi baterako erakusketaren inguruan antolatutako ekintzen barruan, bertso hitzaldia izan genuen Aratz Igartzabal bertsolaria eta Iñaki Rezusta trikitilariaren parte hartzearekin. XIX. mendeko bertsoak entzun genituen testuinguru historikoaren adierazpenekin, mende horretako gai desberdinak jorratuz, besteak beste, Iparragirre, Bilintx eta Txirritaren bertsoak dastatuz. Gure youtubeko kanalean duzue saioa.
Bertso hitzaldiaren ikuspegia. Angel Elorzaren argazkia.
Erakusketa honen beste ekintza osagarria Gipuzkoako kartografiari lotuta egon zen. Abenduak 11an Javier Maritxalar egilearen Gipuzkoako kartografiaren katalogoa 1529-1936 ikerlanaren aurkezpena izan genuen museoan. Kutxa Fundazioak argitaratutako lan honen aurkezpenean, erakunde honetako ordezkari gisa Larraitz Arretxeak lagundu zuen Maritxalar bere aurkezpenean. Gure eskerrik beroenak Kutxa Fundazioari aurkezpen honen primizia Ormaiztegira ekartzeagatik.

Javier Maritxalar bere liburuaren ezaugarriak adierazten. Angel Elorzaren argazkia.
Azkenik esan aurten Artxibo Praktikak proiektuan gurekin lanean Maialen Lujanbio duguna. Gure artxiboa bere begirada artistikoarekin aztertzen ari den bitartean, irrikitan gaude datorren urtean eskainiko digun hausnarketaren emaitza dastatzeko.

Maialen Zumalakarregi Museoan.
Datorren urtean ere zuen partaidetza espero dugu Zumalakarregi Museoan antolatzen ditugun ekintzetan. Urte berri on!


