Gipuzkoako kartografia.

2025/11/21
“Gipuzkoa behin betiko” aldi baterako erakusketaren barruan kartografiak garrantzi haundia du. Izan ere, mapak dira lurraldetasuna adierazteko baliabide nagusia eta XIX. mendean lan ederrak egin ziren. Gaurkoan Zumalakarregi Museoan ikus ditzakezuen mapei buruz hitzegitera gatoz. Bidebatez esan, Kutxa Fundazioak argitaratzen duen “Gipuzkoako kartografiaren katalogoa 1529-1936” liburuaren aurkezpena Ormaiztegin egingo dugula Javier Maritxalar egilearekin.

Aurrez hitzegin dugu aldi baterako erakusketa honi buruz. Baita bertan ikus daitekeen mapa baten erreprodukzioari buruz ere. Gaur kartografia saila aztertzen dugu.

Erakusketan ikus daitekeen lehen mapa Tomas Lopez de Vargasena da, espainiar geografo eta kartografoa. Madrilen 1730 jaio eta 1802an  hila.

Tomas Lopez. Provincia de Guipuzcoa

Tomas Lopez. "Mapa de la M.N. y M.L. provincia de Guipúzcoa". 1770. Iturria.

Mapa hau Lopezek "construido sobre la memorias de los naturales” egin zuela dio. Eskribau eta apaizei egindako galdeketa baten ostean egin zituen mapa hauek eta informazio honetan oinarrituta lan egin zuen. 

Lopezek Espainiako lurraldeetako geografo titulua jaso zuen, eta Karlos III.a erregeak sortutako Geografia Kabinete berriaren buru jarri zuten. Lan egin zuen proiektu nagusia Espainiako eskualdeetako mapak egitea izan zen. 1795ean, Godoyri Kabinete Geografikoa sortzea proposatu zion, existitzen zen Espainiako kartografia guztia biltzeko.

Bigarren mapa Jose Joaquin Olazabal Arbelaiz irundarrarena da. 1836.ean Baionan Francisco de Palacios kartografoarekin batera  argitaratua.

Jose Joaquin de Olazabal. Carat topografica de Guipuzcoa

Jose Joaquín de Olazabal Arbelaiz. "Carta topográfica de la M.N. y M.L. provincia de Guipúzcoa." 1836. Oleaga-Pont bilduma.

Olazabal, kartografoa izateaz gain, Gipuzkoako ahaldun nagusia izan zen Mutrikuko Batzarretan hautatua, 1828ko maiatzean. 1832ko uztaileko Hernaniko Batzarretan, 1839ko abenduko Debakoetan eta 1845eko uztaileko Ordiziakoetan berrautatu zuten.

Mapa honetan aurkitzen dugun bitxikeria, seguru asko Baionan argitaratu zelako, probintziaren alegoria gure aspaldiko laguna dugun Hélène Feilletek egina dela.

Hélène Feillet. Gipuzkoaren alegoria

Hurrengo maparen egilea, berriz ere, Olazabal dugu.

José Joaquín de Olazábal Arbelaiz. "Carta topográfica de la M.N. y M.L. provincia de Guipúzcoa"

Jose Joaquín de Olazabal. “Carta topografica de la M.N. y M.L. provincia de Guipuzcoa." 1849. Oleaga-Pont bilduma.

Mapa hau Hondarribiko Batzar Nagusietan aurkeztu zen 1849.ean eta Aldundiak saritua izan zen.

Hurrengo mapak atlas baten parte dira, Martín Ferreiro kartografoarena.

Atlas Ferreiro. Guipuzcoa

Martín Ferreiro. "Guipuzcoa". 1864. Oleaga-Pont bilduma

Irudian ikusten dira  ezkerrean eskuz egindakoa eta eskubian Gaspar y Roig editoreak argitaratua. Oleaga-Pont bilduman bakarrik ikus daitekeen bitxikeria. Gure eskerrik beroenak hemendik bilduma honen arduradunei.

Ferreiro Madrilgo Geografia eta Estatistika Institutuko eta Elkarte Geografikoko idazkaria izan zen. Francisco Coello geografoarengandik hurbil, Madrilen 1864 argitaratutako Atlas geográfico de España, islas adyacentes y posesiones españolas de ultramar lan kartografikoaren egilea izan zen. 

Azkenik, beste atlas bat, Francisco Boronat editorearena. 

Francisco Boronat. Provincia de Guipuzcoa

 Francisco Boronat y Satorre. "Provincia de Guipuzcoa". 1875. Oleaga-Pont bilduma.

Boronaten atlasa bere laminen luxuzko eta ezohiko kromolitografia-estanpazioagatik nabarmentzen da, kalitate eta erakargarritasun handiko koloretako erreprodukzioekin, planteamenduaren berritasunagatik bezala. Mapa bakoitza datu geografiko eta estatistikoekin batera aurkezteaz gain, garaiko beste serie batzuk bezala, aipamen historiko bat gehitu zien. 

Bukatzeko Javier Maritxalar egilearen Gipuzkoako kartografiaren katalogoa 1529-1936, Kutxa Fundazioak argitaratutako liburuaren aurkezpena, datorren abenduak 11.ean Zumalakarregi Museoan egingo duguna adierazi. 

 

 

Gipuzkoako kartografia.

Martín Ferreiro. "Guipuzcoa". Oleaga-Pont bilduma.