XIX. mendeko eleganteen bilkura
2013tik Zumalakarregi museoak urtez urte XIX. mendeko eleganteen bilkura ospatzen du Ormaiztegiko bainuetxe desagertuaren memoria gogora ekartzeko asmoz, aurtengoa 12. urteurrena izanik.

Ormaiztegiko bainuetxea eta trenzubia
Bainuetxea XIX. mendean eraiki zen, Ormaiztegiko hito ekonomiko nagusienetako bat bilakatuz. Geroztik, herriaren egoera soziala eta kulturalak aldaketa ugari jasan zituen.

Bainuetxearen foiletoa
Bainuetxeak txokolatea ekarri zuen Ormaiztegira, bertako bezero dirudunek txokolatea hartzeko ohitura baitzuten.

Ormaiztegiko bainuetxearen bezeroen irudia
Museotik, Ormaiztegiko historian erabakigarria izan den momentu hau erreproduzitu nahi izan dugu bainuetxearen gorengo hamarkadetan Ormaiztegik izan zuen itxura islatuz. Beste behin, XIX. mendeko eleganteek herria girotu dute garai bateko jantziak ipiniz.

XIX. mendeko eleganteak Ormaiztegi girotzen
Herria dotore apaintzeko urteroko Garaiko autoen eta txirrinduen erakusketa jarri zuen Garaiko kotxeen elkarteak.

Garaiko kotxeen eta txirrienduen erakusketa Ormaiztegin
XIX. mendeko eleganteak Zumalakarregi museoko lorategian bildu ginen.

XIX. mendeko eleganteak museoko lorategian
Jarraian, ohikoa den paseoa egin genuen Jun da jo txarangarekin.

XIX. mendeko eleganteak paseoan

Beste urte batez, Jun da jo txarangak herria girotu zuen. Irudia: Angel Elorza
Eskola zaharretik igarotzean txarangak girotutako lehenengo dantzaldiaz gozatu genuen.

Taldea dantzatzen. Irudia: Angel Elorza
Ondoren bainuetxe zaharreraino joan ginen, trenzubi enblematikoaren azpitik pasatuz.

Desagertutako bainuetxea zegoen lekurantz trenzubi azpitik pasatuz
Azken edizioetan bezala, Balu, nazioarteko proiekzioa duen tokiko artistak 2021ean egindako graffitiaren aurrean hilezkortu zuen parte-hartzaile taldeak. Egileak XX. mende hasierako bi argazki erreproduzitu ditu. Alde batetik, desagertutako bainuetxearen argazkia eta, bestetik, Ormaiztegiko apapeadero zaharra.

Talde argazkia Balu artistaren lanarekin. Irudia: Angel Elorza
XIX. mendeko trenzubiaren azpian dagoen bainuetxe zaharraren ingururaino jarraitu genuen ibilbidea.

Zutik mantentzen den eraikin zatia

Paseoa amaitzen
Urtero bezala, Ormaiztegiko eleganteak elkarrekin bazkaldu genuen Harrikalariak gazte asanbladak antolatutako bazkari herrikoian.
Goierri Telebistak Elegante eguneko bazkari herrikoia grabatu zuen
Arratsaldean, Zumalakarregi museoak bi jarduera burutu zituen: haurrentzako tailerra eta txokolatea.
Haurrentzako tailerrak XIX. mendeko modara bidaiatu zuen garaiko modako ebakigarrien eta eranskailuen bidez.

Haurrentzako tailerra. Irudia: Angel Elorza
Aurten ere, txokolatadan Ezkurdia ondarea ezagutzeko aukera eskaini zuen museoak Maite Iturberen laguntzarekin (Udanako ogia). Jaxinto Ezkurdiaren errezeta liburua jarraituz, pastak prestatu ziren urteroko txokolatearekin eskaintzeko. Horrela, bainuetxean zerbitzatzen zen txokolatea eta Ezkurdia Fondan egiten eta saltzen ziren pastak dastatzeko aukera izan zuten bertara hurbildu zirenek.

Txokolatea eta Ezkurdia pastak. Irudia: Angel Elorza
Amaitzeko, Goierri Telebistak egindako erreportaia uzten dizuegu.



