Maialen Lujanbio Zumalakarregi Museoan

2026/04/24
"Soinu ak zeinu ak soinu" aldi baterako erakusketa zabaldu dugu Ormaiztegin. Zumalakarregi Museoaren “Artxibo praktikak" programarako Maialen Lujanbio Zugastiren proposamena da.

Duela bi urte jarri genuen martxan "Artxibo praktikak" programa, kultura garaikideari lotutako artisten begirada eta hauek sortutako ibilbideen bitartez museoko artxiboaren irakurketa berriak proposatuz. Honela, museoaren fondoen berrinterpretazio kritikora gonbidatzen gaituzten hausnarketa, artikulazio eta esanahi berriak eragiteko.

Programan parte hartu zuen lehen artista Pedro G. Romero izan zen eta berak “Scenario: Zorraren Z” aldi baterako erakusketa proposatu zuen.

Scenario: Zorraren Z

Pedro G. Romeroren erakusketaren ikuspegi bat.

Gaurkoan Maialen Lujanbioren proposamena aurkezten dugu. Joan den urtean Zumalakarregi Museoko artxiboa aztertzen ibili ondoren, bere lanaren txinparta edo abiapuntua bertan jasotzen diren gutun kodetu eta zifratuak izan dira.

Beirako printzesaren gutuna

Beirako printzesa, Don Carlosen koinata eta gerora emazte izango zenaren gutun zifratua.

Hortik hasi eta XIX mendean barrena komunikazio moduek izan zuten bilakaera jasotzen du erakusketak. Ahozkotasunetik idatzizkora, idatzizkotik telegrafia optikora, gero elektrikaren sarrerara eta sistema bitarrarekin, gaur egungo komunikazio sistemen atarikoetaraino.

Maialen erakusketa azaltzen

Maialen erakusketa azaltzen. Argazkia, Josu Altzelai.

Erakusketan, hiru lengoaia desberdinek, irudiek, testu zatiek eta ahotsak elkar osatuz biribiltzen dute kontakizuna.

Carlistes signaux lumineux

Erakusketan ikus daitekeen irudietako bat.

Maialenek erakusketa zabaltzearen inguruan egindako adierazpenetan deigarria egin zitzaigun honako hau: "Ez nuen uste XIX. mendeko artxibo bat hain dibertigarria izan zitekeenik". Bere proposamenaren ibilbideaz disfrutatu duenaren seinale. Guretzat bai izan dela aberasgarria berarekin izan dugun lankidetza. Eskerrik asko Maialen!

Maialen Lujanbio ZMn

 Maialen Lujanbio erakusketan. Argazkia, Josu Altzelai. 

Hemen duzue Goierri telebistak eskaintzen duen inaugurazioaren kronika.

Goierri TBren kronika

"Soinu ak zeinu ak soinu" aldi baterako erakusketak urte bukaeraraino iraungo du zabalik Zumalakarregi Museoan.