"Gipuzkoa behin betiko" erakusketaren luzapena
Joan den ekainetik dago "Gipuzkoa behin betiko: lurraldea XIX. mendean" aldi baterako erakusketa gure aretoan.

Erakusketaren ikuspegia.
Aurrez aipatu izan dugunez, erakusketa honetan kartografiak paper garrantzitsua betetzen du. Horregatik, luzapen honek beste gehigarri bat izan dezan, lurraldearen lehen mapa ekarri dugu museora. Gerard de Jode kartografo flandiarrak bere Speculum orbis terrarum atlasean 1578.ean argitaratu zuen "Nova et Exactissima Descriptio nobilis provincia Guipuscouae in partibus Hispania sita".

Gerard de Jode. Anberes, 1578.
Musealiak gunean kokatu dugun XVI. mendeko flandiar mapa hau bereziki zehatza eta zuzena da irudi geografikoa eta toponimiari dagokionez. Aitzindaria, garai horretan probintzien mapak ez zirelako argitaratzen, mende horretan ez da besterik ezagutzen. Gainera, atlas honek bi argitalpen izan zituen 1578 eta 1593.ean eta gurean, Oleaga Pont bildumaren arduradunen eskuzabaltasunagatik ikusgai dagoena, lehenengo edizioari dagokiona da.

Erakusketaren beste ikuspegia.
Azkenik aipatu Ramon Oleaga adituak eskaini digun hipotesia. Maparen zehaztasunak gipuzkoar baten parte hartzea iradokitzen du eta, jakin badakigu, Gerard de Jode atlasa prestatzen ari zenean Kristobal Plantinoren inprimategian, Esteban Garibay historialari gipuzkoarra bertan zebilela bere liburua Chronicas y vniuersal historia de todos los reynos de España moldiztegi berean argitaratzen. Ederra litzateke bi jakintsu hauen kolaborazioa baieztatzea.
Gogoratu gure lurraldeari buruzko hainbat bitxikeri ezagutu nahi badituzu, osaketa edo hiriburutza esaterako, martxoak 22ra arte duzu aukera Zumalakarregi Museoan.

