Gérard de JODE, (Anberes, 1509 - 1591). "Nova et Exactissima Descriptio nobilis provincia Guipuscouae in partibus Hispania sita". Anberes: Gerard de Jode, 1578.

Gerard de Jode, 1578. Oleaga Pont bilduma.
Speculum orbis terrarum atlasean argitaratu zuen Gerard de Jode grabatzaile, kartografo eta editoreak, 1578.ean Gipuzkoako lehen mapa hau. Benetan bitxia da, izan ere, Espainiako kartografiaren barruan hirigune bati ez dagokion lurralde-entitate txiki baten irudikapen goiztiarrena baita. De Joderen atlasaren bukaeran agertzen da, berez ez dagokion tokian, Eskoziako mapa baten ondoren.
Gainera, adituek diotenez, azpimarratzekoa da marrazki geografikoaren kalitate handia, izen toponimikoen zehaztasun eta zorroztasuna eta orografiaren irudikapen osoa eta ordenatua, geroagoko Gipuzkoaren mapak, berriz, akats haundiak izan zituzten. Javier Maritxalar kartografian espezialistak dionez, mapa honen kalitateak pentsarazten dio gipuzkoarren batek parte hartu zuela zuzeneko edo zeharkako iturri gisa eta informazio zehatza eta doia eman ziotela grabatzaile flamenkoari ale kartografiko bikain hori egiteko. Gai honen inguruko hipotesia beranduago eskainiko dugu.
Atlas honek bi argitalpen izan zituen Anbereseko Kristobal Plantinoren inprentan. Lehena 1578.ean eta bigarrena 1593.ean izenburua zertxobait aldatuz: Speculum orbis terrae. Gurean aurkezten dugun alea lehenengo argitalpenari dagokio, izan ere, 1593.ekoak goiko eskubialdean “XXVI” erromatar numeroa darama eta honek ez. Amsterdamgo Unibertsitatean jasota dagoen beste ale batean oinarrituta, honela ziurtatu digu Ramón Oleaga bildumagile eta adituak.
Mapa honek XVI. mendeko eskola kartografiko flandiarraren ezaugarri guztiak betetzen ditu. Apaingarriei dagokienez, zientzia kartografikoan erabiltzen diren tresnak agertzen dira: konpas bat, 16 puntako haize-arrosa eta itsasontzia ere bai.
Maparen atzekaldean Gipuzkoaren deskribapena dakarki latinez eta lehen argitalpen honetan atlasaren hutsen zerrenda ere bai.
Maparen atzekaldea
Hemen testuaren itzulpena, barkatu gaizki eginak.
“Gipuzkoa lurraldea.
Probintzia hau, eskuarki Gipuzkoa deitua, Espainiaren muturreko mugetan dago iparraldean, baina ekialdetik Galiarantz begiratzen du, Fonte Arabumen (Hondarribia) hasi eta hegoalderantz, Kantabriarantz, eta, beraz, erresuma Oxarcumetik (Oiartzun) Adrianum urruneraino (San Adrian) dago ia distantzia gutxira, probintzia honen zilborrean dagoen tokiraino. Beste aldetik, berriz, Alabanera begiratzen du, eta mendebaldetik Aramaio eta Biscayarekin egiten du muga, azkenean Ozeanoan itsasoratzen den arte. Ozeano hori iparraldean dago, Mutrikutik, probintzia horretako lehen hiritik, Fonte Arabumerantz. Hogeita hamar miliako zirkunferentzia du. Eskualde honetako gizakiak, berez, buruargiak dira, politikoak, patuak landuak, erakartzen errazak eta hertsatzen zailak, ohore-irrikatsuak, beren pribilegioen defendatzaile sutsuak, bizkorrak, zakarrak, era guztietako armak erabiltzen trebeak eta miliziara makurtuak. Beraz, gazteek hamazazpi urte betetzen dituztenerako, inor ez dago lantzarik, kanoirik edo arkurik gabe, horiekin etengabe trebatzen baitira. Beraz, probintzia osoan batailarako deia edo soldadu-errekrutamendua dagoen bakoitzean, sarritan bostehun eta berrogeita hamazortzi edo mila gizon baino gehiago, hiru egunez hamahiru mila gizon biltzen dira, gehienak zalditeriako soldaduak, indartsuak, bizkorrak eta edozertarako prest daudenak, dela itsasoan, dela kontinentean. Hemengo emakumeak oso sendoak dira, eta nahiko gizontsuak, ondo prestatuak eta forma fisiko onekoak, nahiz eta lanera ohituta egon, eta, beraz, ez hain harroak. Eskualde honetako lanbide nagusiak errementaritza dira, eta burdina prestatzea nahiko erraza da, mendien eta uraren hurbiltasuna dela eta. Gaur egun, ehunka errementari daude, miserian edo hondamenean daudenak kontuan hartu gabe. Horietako bakoitzak ehun urteko mila burdina ekoizten ditu urte gutxian, eta hori kopuru handia da. Horregatik, Espainia, Frantzia, Alemania Beherea, Italia eta ekialdeko eskualde gehienek, bai Ekialdeko Indietakoek bai Mendebaldekoek, hemengo burdina eskuratu dute, eta ez arma mota guztiak bakarrik, hala nola golde-hesiak, garroteak, mazoak eta antzeko beste objektu batzuk. Era berean, mota guztietako armak egiten dira, bai zauritzeko, bai kalteak eragiteko. Kanoirik hoberenen ugaritasun handia dute, lehen aipaturiko erresuma eta eskualdeek oso estimatuak. Eta probintzia honetan ontzi handi eta ederrenak eraikitzen dituzte, lur-globoa inguratzen dutenak, Mendebaldeko Indietarako bidaia luzea aipatu gabe, mendebaldera begiratzen dutenak aipatu gabe, eta probintzia honetako biztanleen gainerako bidaiak iparraldera eta hotzenera, normalean Terra Nova deritzona, izozte eta elur handien ondorioz bizigabea dela esaten dena. Nazioak sarritan gainditu zituen zailtasun horiek, izpiritu-indar handi eta miresgarriz, eta beste gizakiengan sortzen zuten izua gutxitu egiten zen itsasoaren erdian antzigarrez eta elurrez estalitako mendien eraginez. Alde handirik gabe, balea ugari ehizatzen dituzte, 30, 35 eta 40 ukondo (13, 17 eta 21 metro) neurtzen dituztenak. Lapiko handietan ere irakiten eta urtzen dituzte, eta horietatik ateratzen dute koipea, eta upeletan eramaten dute urtero Espainiara, eta handik Ingalaterrara, Frantziara eta Belgikara. Halaber, eguraldi oneko urteetan, artilea garraiatzen dute Lurraren alde horretatik, hegoalderantz eta mendebalderantz ontzi askotan. Horietatik kakalardo kopuru handia ekartzen dute urtero, 1.000 kapitain gehiago hornitzen dituena eta Espainiako zatirik handienera bideratzen dena. Probintzia hau, menditsua eta malkartsua bada ere, ez da oso landua, baina landatutako lekuak oso emankorrak dira. Mahasti asko dago itsas aldean, baina bertako biztanle guztiek, batez ere emakumeek, Cicera (sagardoa) izeneko mahats-likorea edaten dute. Eremu hau oso epela da, ez baititu hotzaren deserosotasunak eta eguzkiaren bero handia jasaten, baina beroarekin hezea eta deserosoa da. Euxino zubiraino (itsasoa) hedatzen den klima epela du. Inguru horren latitudea eta altitudea berrogeita hiru gradu eta erdikoa da San Adrianekiko (bere probintziaren hasiera da hegoaldetik), eta berrogeita lau gradu eta erdikoa Donostiarekiko, gutxienez.”
Bukatzeko aurrez aipatu dugu Gerard de Jodek mapa hau egiteko gipuzkoar baten laguntza izan beharko zuena derrigorrez marrazkiaren zehaztasun eta toponimoen zorroztasuna ulertzeko. Oleaga Pont bildumaren arduradunak hipotesi interesgarri bat eskaintzen digu. Atlasa 1578.ean argitaratu bazen ere, de Jode 1567.ean hasi zen lan hau egiten eta jakin badakigu Esteban Garibay historialari arrasatearra 1570 eta 1571 urteetan Anberesen ibili zela hain juxtu Christophoro Plantino inprimatzailearekin bere Los XL libros d'el compendio historial de las chronicas y vniuersal historia de todos los reynos de España.

Los XL libros d'el compendio historial de las chronicas y vniuersal historia de todos los reynos de España
Ederra litzateke Gerard de Jode kartografoaren informatzailea Esteban Garibay bera izatea, izan ere inprimatzaile berdinarekin lan egin baizuten bi jakintsuek.


