Infanteria karlista

1833ko urrian gerra hasi zenean, ez zegoen armada karlistarik berez, gobernuaren neurrien ondorioz desagertzear zeuden milizia errealistetako zenbait militar taldek eta, Fernando VII.aren erregealdiaren amaierako garbiketen ondorioz, aginterik ez zuten ofizialek gidatutako gaizki armatutako nekazariek egindako altxamendu bat izan baitzen ordukoa.

 

 

Hor zehar sakabanatutako matxinatuen talde haiek askoz zailduagoa zegoen armada liberala hirietan gotorraraztea izan zen Zumalakarregiren lorpenik handiena. Dena den, euskal lurretan borrokatu ziren soldadu karlisten kopurua infanteria liberalak zituena baino askoz murritzagoa izan zen beti. Oso zaila da kopuru zehatzik ematea, gorabehera handiak zeudelako baina, halere, 1834ko uztailean Don Karlos gerraren erdigunera iritsi zenean han aurkitu zituen 16.000 soldadu ingurutik 1836tik aurrera armada karlistak izango zituen 35.000 soldaduen artean egon zen kopuru hura.

Asko idatzi da gudaroste karlistako boluntarioen inguruan. Zumalakarregik gidatutako gerraren lehen fasean egia da boluntarioak zebiltzala, baina erregegaia iritsi zenetik, mutil gazteen errekrutatze orokorrak egin ziren, eta desertzioak eragozteko xedapen ugari onartu ziren halaber. Beraz, agintari karlistek arazoak zituzten beren tropen artean diziplina ezartzen. Arazo hori larriagotuz joan zen gerraren iraupen luzearengatik. Egia da, bestalde, desertore liberal ugarik karlistekin bat egin zutela.

Gerra hastean, karlisten arazo handiena boluntarioentzako armak eta hornigaiak lortzea izan zen. Armada liberala bera izan zen karlisten iturri nagusia, haien konboiei egindako erasoei esker. Horrez gain, ekintza arrakastatsuetan armak berreskuratzen zituzten askotan eta Frantziako kontrabandoaren bitartez ere lortzen zituzten. Schwazenberg austriar boluntarioak idatzitako testu honetan karlisten gabeziak azaltzen zaizkigu.

 

"Euskal batailoiak oso trebeak dira, oro har, hildakoak lumatzen. Ganberazain iaioenak ere ez lituzke gaindituko. Borrokaldiaren ondoren, pixka batean itxoin beharra dago, berriz ere elkartu aurretik, soldaduak jantzi daitezen. Ingelesei gorbata beltzak eta galtzerdiak uzten dizkiete, karlistek ez dutelako halakorik erabiltzen. Izugarria da hilotz biluzien itxura, gorbata eta galtzerdiak beste arroparik gabe".

 

Armada liberalak izugarri ekipo astun eta deserosoa zuen. Zumalakarregik, ordea, egoerara moldatzearren, motxilak beharrean olanazko zakuak eta kaskoen ordez gerora tropa karlisten bereizgarri nagusia izango zen txapela erabiltzea bultzatu zuen. Horrekin batera, bere gizonak batailoietan antolatu zituen, talde horiek liberalen erregimentuak baino txikiagoak izanik, gidatzeko eta maniobratzeko errazagoak baitziren.

 



Iparraldeko armada karlista sendotu ondoren, bakoitzaren jatorriaren araberako dibisioetan banatu zen infanteria. 1839an nafar dibisioak hamahiru batailoi zituen, arabarrak zazpi, gipuzkoarrak zortzi, bizkaitarrak bederatzi, kantabriarrak hiru eta Gaztelakoak lau.