Baldomero Espartero. (1793-1879)

Irudiaren Iturria

Eskulangile xume batzuen seme hau Granátulan (Ciudad Real) jaio zen 1793an. Independentziako Gerra hastean, boluntario joan zen armadara 1808an. 1810ean Isla de Leóneko akademia militarrean sartu zen, eta tenienteorde izatera iritsi zen. 1815ean, teniente zela, Espainiaren mendeko Amerikako koloniak babestera joandako Morillo jeneralaren espedizioan ontziratu zen. Garai hartan liberalen ideiekin bat egiten hasi zen, eta Amerikako independentisten aurka egindako ekintzen ondorioz brigadier izendatu zuten. Espainiak Hego Amerikan zuen nagusitasunaren amaiera ekarri zuen Ayacuchoko porrotaren ondoren penintsulara itzuli zen 1825ean.

Lehen Karlistada piztean, kristinatar armadaren barruan Iparraldeko probintzietan borrokatzea eskatu zuen. 1834ko maiatzaren 1ean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako komandante jeneral izendatu zuten. 1836ko udan, Iparraldeko armadako buru jarri zuten Femández de Córdoba jeneralaren ordez. Ardura horretan zela, Lutxanako bataila erabakigarria gidatu zuen, 1836ko gabonetan karlistak Bilboko setioa uztera behartuz.

Ordutik aurrera, liberal moderatuak eta aurrerakoiak lehian ibili ziren Espartero beren alderdiko buruzagi izendatu nahian. 1839ko udan, kristinatarrekin akordio bat lortu nahian zebiltzan Maroto jeneralaren agindupeko sektore karlistekin egindako negoziazioen ondoren, Bergarako Hitzarmena sinatu zuen. Iparraldean bakea ezartzea ekarri zuen hitzarmen horrek. Karlista katalanek ez zuten hitzarmena onartu eta, Maestrazgon zehar egindako espedizio baten ondoren, aurrena Kataluniara eta gero erbestera bidali zituen Cabrera eta bere armadakoak. Horren ordainetan Garaipenaren duke titulua jaso zuen.

Irudiaren Iturria

Ordutik aurrera, politikaren alorrean, Esparterok aurrerakoien alde jarri zuen bere ezpata. 1840an Udalen Legearen aurka azaldu zen, Maria Kristina. erreginordeari aurre eginez. Koroaren eta Esparteroren arteko gatazka hark 1840ko irailaren 1ean abiatutako mugimendu juntista aurrerakoia akuilatu zuen. Maria Kristinak erreginordetza uztea erabaki zuen, eta ministerio‑erregeordetza bat ezarri zen orduan, Esparteroren aginduetara. 1841eko maiatzean, Gorteek erregeorde izendatu zuten gure buruzagi aurrerakoia. 1843ra arte egon zen gobernuan, eta bitarte horretan politika aurrerakoi nabarmena jorratu zuen. Lurren liberalizazioa bultzatu zuen, elizjende sekularraren ondasunen desamortizazioa sustatuz.

1841eko urrian moderatuen altxamendua egon zen Euskal Herrian, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek bultzatuta, eta Espartero bera izan zen matxinada hura itoarazi zuena. Bergarako Hitzarmenean foruak errespetatuko zituela sinatu zuen arren, altxamendu haren errepresalia moduan foruak indargabetzeko dekretua onartu zuen 1841eko urriaren 29an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Espainiako probintzien pare utziaz. 1843an Espartero boteretik kendu zutenean, gobernu moderatuak foruak leheneratu zituen hein batean, ez osorik ordea. Ebroko aduanak Pirinioetara aldatzea izan zen atzera bueltarik izan ez zuen neurrietako bat.

Espartero Ingalaterran erbesteratu zen, boterea galdu ondoren, eta Espainiako politikatik kanpo ibili zen harik eta 1854an Ministro Kontseiluko buru izendatu zuten arte. Biurteko Aurrerakoia hasi zen orduan. 1856an moderatuak berriz ere boterera itzuli ondoren, Esparterok politika utzi eta Logroñon jarri zen bizitzen. Politikan izan zuen azkeneko sartualdia 1870ean izan zen, Prim jeneralak Koroa eskaini zionean, baina Esparterok ez zuen onartu. 1879an hil zen Logroñon bertan.

Irudiaren Iturria

Nabigazioa