Francisco Espoz Mina (1781-1836)

Irudiaren Iturria

Idotzinen (Nafarroa) jaio zen 1781eko ekainean, nekazari familia apal batean. Frantsesen inbasioa gertatu ondoren, 1809an bere iloba Jabier Minak gidatutako "Nafarroako lurreko kortsarioak" (Corso terrestre de Navarra) izeneko gerrillan sartu zen boluntario. 1810ean iloba preso hartu zutenean, Espoz gerrillako buru jarri zen haren ordez. Izugarrizko gogortasun, zuhurtasun, ankerkeria eta goranahi handiak erakutsi zituen berehala, Ederki ezagutzen zituen bere gizonak eta inguruko lurrak. Nafar dibisioaren diziplinari eusteko, lehiakideak eta adiskide izandakoak fusilatu behar bazituen, ez zen kokiltzen. Ezinean eduki zuen armada frantsesa Nafarroan, Aragoin eta Gipuzkoan. 1812an landa mariskal izendatu zuten.

Gerra amaitzean Fernando VII.aren aurka matxinatu zen, Cadizko Konstituzioa berrezarri nahian, eta azkenean erbesteratu egin behar izan zuen. 1820ko iraultzari esker, penintsulara itzuli eta Donezteben Konstituzioa aldarrikatu zuen urte hartako martxoan. Handik egun batzuetara Iruñean sartu eta Nafarroako komandante jeneral izendatu zuten.

1821eko urtarrilean Galiziako komandante jeneral izendatu zuten, eta errepublikar sona lortu zuen ardura hartan. Ordurako masonerian sartua zebilen. 1822ko uztailean errealisten aurka borrokatzera bidali zuten Kataluniara. Bere indar handia eta gehiegizko krudelkeriak oihartzun handia izan zuten, errealistak menderatu ondoren Castelfullit de Riubregós herri txikia suntsitu zuenean, adibidez. Absolutismoa berrezartzeko frantsesak Espainian sartu zirenean, bere aginduetara zegoen Bartzelonako gotorlekuan amore eman eta Ingalaterrara erbesteratu zen

Irudiaren Iturria
Ingalaterran nahiz Frantzian zeuden erbesteratuen konspirazio askotan parte hartu zuen. 1830eko Frantziako iraultzaren ondoren, inbasio liberal baterako garaia iritsia zela iritzi eta Berako espedizio ezaguna gidatu zuen urrian, Jauregi "Artzaia"-rekin batera. Espedizio haren porrotaren ondoren, biek erbesteratu egin behar izan zuten berriro.

Karlistada piztean, Maria Kristina erreginordeak emandako amnistiaz baliatu zen, eta Nafarroako erregeorde izendatu zuten handik gutxira. 1834ko irailean haren esku utzi zuten karlisten aurkako borroka Euskal Herrian. Bi urte geroago heriotza ekarriko zion gaixotasuna hartua zuen ordurako. Zumalakarregirekin borrokatu zen Larremiarko guduan, eta ozta ozta ez zuten preso hartu. Porrot militarrek suminduta zeukaten, eta karlistek Lekaroz inguruan ezkutatutako kanoi batzuk kosta ahala kosta aurkitzeko irrikatan zebilen. Horregatik, informazioa eman nahi ez zioten herritar batzuk fusilarazi eta herriari su emateko agindu zuen. Eliza eta hiru eraikin baino ez ziren salbatu. Handik egun gutxira bere kargua utzi zuen.

 Espoz Minaren heriotza.  Irudiaren Iturria


1835eko urrian Kataluniako kapitain jeneral izendatu zuten, bere gaixotasunaren ondorioz denbora gehienean ohean etzanda egon behar zuen arren. Arrakasta militar gehiago ere izan zituen, baina Cabreraren ama fusilatzeko aginduak eta antzeko neurri ankerrek ilundu egin zuten haren entzutea. Bartzelonan hil zen 1836ko abenduan.

Nabigazioa