15. ekimena

Karlistaldiak diorametan.

Oraingoan, Karlistaldietako irudi ikonikoetan oinarritutako hiru diorama aurkezten ditugu Musealiak-en. Museoaren lagun bati zor dizkiogu, Jose Ignacio Ortega Villar gai karlisten bildumagileari. Berak Biosca miniaturagileari eskatu zion dioramak egiteko, irudiak proposatu zituen eta horiek egiteko prozesua zuzendu zuen. Azkenean, museora bidali zizkigun hil baino lehentxeago.

Lehen dioramak Charles Vanzellerren "Don Carlos, Zumalacareguy and the Staff" estanpa irudikatzen du.

Diorama Vanzeller

Vanzeller ilustratzaile portugaldarraren grabatu hau erreferentea izan da gure bilduman, Erregegaiaren eta bere buruzagi militar nagusiaren irudia jasotzen baitu, Estatu Gorenarekin batera.

Vanzeller. Don Carlos eta Zuma

Bigarren diorama azken Karlistaldiko irudirik ikonikoenetako bat da, Ladislas Konarzewskiren "Santa Cruz apaiza eta bere taldea" argazkia.

Santa Cruz eta bere taldea

Argazkia Beran egin zuen, 1873ko apirilaren 8an, Donibane Lohizunen finkatutako argazkilari poloniarrak.

Konarzewski. Santa Cruz

Bi irudiek  gatazka karlistetako protagonista nagusiak jasotzen dituzte euskal herri-iruditeriaren ikuspegitik.

Azkenik, 1834ko uztailean Don Karlos armada karlistarekin Nafarroan bildu zeneko eszena dugu. 

Don Carlosen sarrera

 

 

Dioramen sustatzailea: José Ignacio Ortega Villar.

Zumalakarregi Museoan bildumazale batzuekin harremanak izateko pribilegioa dugu, lantzen duten gaian adituak izateaz gain, bereziki eskuzabalak direnak beren bildumetan gordetzen duten informazioa partekatzean. Hori da José Ignacio Ortega Villarren kasua, museoaren ibilbidearen hasieratik ezagutu genuena, karlismoari, "zentzurik zabalenean ulertua", buruzko bilduma bibliografiko, ikonografiko eta fotografiko bikain baten jabea.

Bere bildumaren aberastasunaren erakusle da, esaterako, Adiciones a la Bibliografía (...) de Jaime del Burgo argitalpena, non 1900 baino lehenagoko 186 argitalpen deskribatzen dituen, egile nafarrak bere lan handian sartu ez zituenak eta Ortegaren bilduma osatzen dutenak. Edota Album fotográfico de Don Carlos VII, non erregegaiaren 60 argazkiren aukeraketa bat jasotzen den, bilduma askotakoak, eta horietatik erdiak bere bildumakoak diren. Aipatzekoa da bere oroitzapen karlisten bildumazaletasunak, Ortega gai karlistako pospolo kaxa multzo handiena osatzera eraman duela.

Poxpolo kaxak

José Ignacio Ortega Villar. Iconografía Carlista en las cajas de cerillas (1868-1876). Sopelana, 2019.

Musealiak espaziora gaur ekartzen duguna José Ignacio Ortegaren enkarguz egindako hiru diorama dira. Hauetan, gerra karlistetako hiru une esanguratsu jasotzen dira. Don Karlos Nafarroara 1834ko uztailean iritsi zenekoa. Zumalakarregi eta Don Karlosen irudi bat Estatu Goren karlistarekin. Eta Konarzewski poloniarraren Santa Cruz apaiza eta bere taldearen argazki famatua.

Material ikonografiko historikoetatik abiatuz gertakari historikoetara hurbiltzeko beste modu bat da. Izan dadila erakusketa hau José Ignacio Ortega Villar museoaren kolabotzailearentzat  gure omenaldi xumea, maiatzak 29an bere heriotzaren lehen urtea betetzen denean.

Irudiak.

Lehena Charles Vanzelleren “Don Carlos, Zumalacareguy and the Staff”, litografia da, Londresen 1837.ean Civil war in Spain. Characteristic sketches of the different troops, regular and irregular, native and foreign, composing the armies of don Carlos and queen Isabella, also various scenes of military operations, and costumes of the spanish peasantry koadernoan argitaratua.

ZM Kartela

Irudi hori erreferentea izan da gure museoan, izan ere, erakusketa iraunkorraren parte izateaz gain, poster gisa ere erabili izan dugu.

Egilea, Charles Vanzeller Londresen jaio zen 1811n. Londreseko Portugaldar Erret-Kaperan bataiatu zuten, eta horregatik izan zen beti portugaldarra. Hala ere, 1829ra arte ez zen Portugalera joan. Bi urte geroago, Portugalgo gerra zibilean parte hartzea erabaki zuen, atzerritarren batailoi bateko kide gisa don Pedro liberalaren alde eginez.

1835eko urrian Espainiara joan zen Portugalgo Dibisio Laguntzailearen kide gisa. Urte eta erdiz karlisten aurka borrokatu zuen eta San Fernandoren Gurutzea jaso zuen 1836ko maiatzean Arlabango batailan izan zuen jokaeragatik.

Lehen aipatutako albumaz gain, Sketches and remembrance of the carlist army ere argitaratu zuen Londresen, beste 6 litografia biltzen zituen lana.

Vanzeller. Arabako zalditeria

Charles Vanzeller. “Cavalry of the province of Alava”.

Santa Kruz apaizaren argazkiari dagokionez, Bigarren Karlistaldiko ikonoa da. Egileak, Ladislas Konarzewski poloniarrak, Donibane Lohizunen zuen estudioa gatazka piztu zenean, eta gerrillari karlistari eta bere taldeari bi argazki atera zizkien, bata Bidasoako Beran eta bestea Donibane Lohizunen.

Santa Cruz Donibanen

Ladislas Konarzewski. “Santa Cruz apaiza eta bere taldea”. Baionako Euskal Museoa.

Konarzewski 1834an jaio zen Bielsken, Pomeranian, Poloniako familia aristokratiko batean. 1862ko poloniar matxinada nazionalistaren ondoren agintari errusiarrek heriotza-zigorra ezarri zioten, eta 1864an Donibane Lohizunen kokatu zen. Argazkilari afizionatua, argazki-estudio bat sortu zuen kostaldeko herri honetan, bere ibilbide profesionalari hasiera emanez. Karlistekin sinpatizatu zuen, zalantzarik gabe, eta horregatik egin zituen Manuel Santa Cruzek zuzendutako gerrilla taldearen bi argazkiak.

Santa Cruz poxpoloetan

Pospolo kaxak. Ortega bilduma.