18. ekimena

"Navarra, Guipuzcoa, Alava und Biscaya." Berlinen 1851.ean argitaratutako Euskal Herriaren mapa.

Von Rahden. Euskal Herriko mapa

Mapa hau Lehenengo Karlistaldira boluntario etorritako Wilhelm von Rahden prusiar baroiak bere esperientzia kontatuz argitaratutako liburuan gehigarri modura agertzen da. Liburua Aus Spaniens Bürgerkrieg 1833-1840 von Wilhelm Baron von Rahden, Berlinen argitaratu zen 1851.ean. Gure bilduman dugun liburu honen alea Román Garrido museoaren kolaboratzaileak egindako dohaintzari zor diogu. Gure eskerrik beroenak lerro hauetatik.

Wilhelm von Rahden. erretratua

Wilhelm Von Rahden Breslavian jaio zen, egun Poloniako hiria – Worclaw-, baina prusiarra 1793an. Prusiako armadako kide izan zen eta Napoleonen aurka borrokatu zuen 1813 eta 1815 artean. Leipzig eta Waterlooko guduetan zauritu zuten.

Urte batzuk geroago, 1829an, Errusiako armadan sartu zen eta 1832an Anberesen defentsan borrokatu zuen Holandako armadan.

Topografo bezala trebatu zen Prusiako armadan, bere ospea handituz, besteak beste, Holandako armadarentzat 1833an Anberesko gotorlekuen plano bikaina eginez.

1835ean Londresera joan zen bere lan batzuk grabatzera. Han, Capelleko baroia ezagutzen du, Karlos X.aren Frantziako ministro ohia, eta Don Karlos zerbitzatzea proposatzen dio komandante graduarekin. Von Rahdenek onartu eta Urdazubiko muga zeharkatu zuen 1837ko maiatzean.

Lichnowsky printzea ezagutu zuen Tolosan, eta Donostiako gudu-zelaian agertu zen. Bertan, Britainiar Legio Laguntzailearen tropen aurka tiro egin zuen kanoi baten ardura hartu zuen. Urte horretan bertan, Madrilgo ateetara iritsi zen Errege Espedizioan parte hartu zuen. Huesca, Barbastro eta Villar de los Navarroseko guduetan borrokatu zuen eta, espedizio honen porrotaren ondoren, Ingeniarien Komandante Nagusi izendatu zuten eta euskal kostaldeko gotorlekuen planoak marraztu zituen.

1838ko abenduan Aragoiko frontera aldatzea eskatu zuen, Ramón Cabrerarekin Maestrazgoan borrokatzeko. Urruñako muga zeharkatu eta Perpignanera joan zen, Katalunian Camprodonetik sartzeko.

Bergarako Hitzarmenaren ondoren, Cabrerak Bourgesera bidali zuen Don Karlosekin bildu eta armak eskatzeko eta erregegaiaren semea, Montemolín, Maestrazgora bidaltzea eskatzeko, soldaduei eta herritarrei adorea emateko asmoz. Baina Don Karlosekiko bileratik irtetean, Von Rahden Frantziako poliziak atxilotu eta Alemaniara deportatu zuen. Han, hiru liburukitan idatzi zituen bere memoriak. Lehena 1813 eta 1815 artean Napoleonen aurka izan zuen borrokari buruzkoa. Bigarrena, Errusiaren eta Holandaren zerbitzura egindako jardunari buruzkoa. Lehen Karlistaldian izan zuen parte-hartzeari buruzkoa hirugarrena, Berlinen argitaratu zen 1851n.

Aus Spaniens Bürgerkrieg 1833-1840

Argitalpen honek bi mapa daramazki erantsita. Lehenak “Navarra, Alava, Guipuzcoa und Biscaya” izenburupean Euskal Herri osoaren irudia eskaintzen digu, izan ere, iparraldeko hiru lurraldeak ere jasotzen baiditu.

 

“Navarra, Alava, Guipuzcoa und Biscaya"

Bigarrena “Uebersichtskarte zu den expeditionen”, espedizioen mapa orokorra, alegia. Bertan Gomez eta Zaratiegi jeneralen eta Erregearen espedizio karlistak adierazten dira. Azken honetako partaide izan zen Von Rahden bera.

“Uebersichtskarte zu den expeditionen"

Bi mapa eder hauek Von Rahden prusiarraren kartografia lanetarako trebezia adierazten dute.

Liburu honen itzulpen partziala, lehenengo zatia ez baizuen itzuli, alegia, Von Rahdenek bizitakoa bakarrik itzultzea erabaki zuen Jose Maria Azcona y Diaz de Rada tafallarrak 1965.ean. Andanzas de un veterano de la Guerra de España (1833-1840) izenburua jarri zion.

Andanzas de un veterano de la Guerra de España