Zenbait protagonista: liberalak, karlistak

Afrikako gerran Lehenengo Karlistadan etsai izandako asko batera aurkituko ditugu. Karlistarik sutsuenak beste altxamendu bat prestatzen ari ziren eta, noski, ez zeuden kanpoko gerretan parte hartzeko prest. Baina Bergarako Hitzarmena onartu zuten zenbait karlista, aurrez etsai izandako liberalekin borrokatu zuten “moroen” aurka.

Liberalak

ZM_Afrika_PRO01(STM)

Antonio ROS de OLANO 
     
Caracasen jaio zen 1808.ean. Lehenengo Karlistadan Minaren agindupean borrokatu zuen. O’Donell jeneralaren laguna, bere altxamendu militarretan parte hartu zuen, baita Unión Liberal partiduaren sorreran ere.
Afrikako gerran jeneral bezala Armadako Hirugarren Gorputzaren buru izan zen. Uad El Jeluko batailan garaipena lortu zuen, erreginak izen bereko Markes izendatuz.
Bere izena daraman kapela militarraren asmatzaile izan zen.
1868.eko iraultzan partaide, Sagastaren jarraitzaile izan zen Errestaurazioan.
Idazle erromantikoa, Esproncedaren lagun mina izan zen.
Madrilen hil zen 1886.ean

 

 


ZM_Afrika_PRO02(ZM) (Al)

Leopoldo O’DONELL
  
     
Santa Cruz de Tenerifen jaio zen 1809.ean. Militarra bizibidez, Lehenengo Karlistadan kapitan bezala hasi zen liberalen alde borrokatzen, aita eta anaia karlisten artean egon arren. Garaipen asko lortu zuen, bereziki gerra bukaeran Cabreraren aurka lortutakoa, Teniente Jeneral izendatu zutenekoa. Baina gure artean ezagun egin zuen Andoainen Urangaren aurka jasotako porrotak. Izan ere, Donostiatik Andoainerako aurrera egitean 100dik gora baserri erre zituzten liberalek, eta erretiradan baserritarrek bidean galdutako soldaduak bortizki erasotu zituzten. O’Donell bera larri ibili zen Donostiara iristen.
Bizpahiru altxamendu militarretan parte hartu zuen ondoren, Unión Liberal partidua sortuz. Gobernu buru izan zen 1856-1857.ean, 1858tik 1863.era eta 1865-1866 urteetan.
Afrikako Gerra berak bultzatu zuen, baita zuzendu ere.
Biarritzen hil zen atzerriratua 1867.ean.



ZM_Afrika_PRO03(ZM)
Juan PRIM   
 
           
Reusen jaio zen 1814an. Lehenengo Karlistadan boluntario bezala hasi zen eta bere ekintza ausartak medio, koronel izendatua izan zen azkenerako.
Liberal progresistekin lerratu zen gero, bizpahiru aldiz diputatu hautatua izanik.
Gobernu moderatuen aurkako altxamendutan parte hartu zuen eta maiz ezagutu zuen atzerria, noiz Puerto Ricoko gobernadore hautatua (1847-1848), noiz Frantzian erbesteratua (1853 eta 1856), zein Turkian Krimeako gerran ikuskari modura (1853 eta 1854).
Afrikako gerran sekulako protagonismoa lortu zuen, Castillejos eta Wad Raseko batailetan bereziki. Ondoren bere karrera politikorako erabili zuen gerran lortutako ospea.
Konspirazio eta altxamendu anitzen buru izan zen ondorengo urteetan, denetan porrota jasanez, arik eta 1868ko iraultzan arrakasta lortu zuen arte. Handik aurrera gobernu guztietan parte hartu zuen eta bera izan zen jaun eta jabe urte hauetako espainiar politikan. Berak hautatu zuen Saboiako Amadeo erregetzat, baina hau iristerako, Primek atentatu bat jasan zuen eta jasotako zaurien ondorioz hil zen Madrilen 1870ko abenduan.

 

ZM_Afrika_PRO09(ZM) (Al)

Rafael ECHAGÜE
              
Donostian 1815.ean jaioa. Lehenengo Karlistadan txapelgorriekin borrokatu zuen, liberalen alde. O’Donell jeneralaren laguntzaile izan zen eta gatazka bukatzerako Teniente Koronel izendatua izan zen.
Afrikako gerran Mariskal bezala Armadaren Lehenengo Gorputzaren buru izan zen. Gerra honen lehenengo borroka nagusian Serrallo deituriko gotorlekua hartu zuen eta zauritua izan zen. Urte batzu beranduago Serralloko Konde izendatu zuten.
Puerto Ricoko gobernadore izan zen 1860tik 1862ra, ondoren Filipinetakoa 1862tik 1865ra.
Diputatu izana zen eta 1876.ean senadore Gipuzkoatik.
Madrilen hil zen 1887.ean.

 

ZM_Afrika_PRO05(ZM) (Al)

José María LOMA    
          
Añanako Gesaltzan jaio zen 1822an. Lehenengo Karlistadan liberalekin borrokatu zuen Donostiaren defentsan.
Afrikako gerran Euskal Tertzioekin parte hartu zuen, Wad Raseko batailan izandako partaidetza nabarmenagatik Teniente Koronel izendatua izanez.
Bigarren Karlistadan Santa Kruz apaizaren aurka borrokatu zen hasieran. Gero, besteak beste, Tolosan, Bilbon, Irunen eta Trebiñun garaipenak lortu zituen liberalentzat. Bizpahiru aldiz zauritua suertatu zen Teniente Jeneral bezala bukatu zuen gerra honetan.
Euskal Probintzietako Kapitan Jeneral hautatu zuten gerra ostean. Bereziki nabarmendu zen 1890.eko meatzarien greban, sozialisten ordezkari modura bitartekaritza egin zuenean, langileen aldeko neurriak bideratuz.
1893.ean hil zen.

 

ZM_Afrika_PRO06(KMK)

Nicasio LANDA          

Iruñan 1831.ean jaioa. Medikuntza ikasi zuen eta 1855.ean Osasungintza Militarrean sartu zen.
Afrikako gerran mediku bezala ezezik kazetari bezala ere parte hartu zuen, aldizkari desberdinetara bere marrazkiak bidaliz. Gerra amaitu bezain laister argitaratu zuen bere: La campaña de África : memorias de un médico militar. Madrid : Imprenta de Manuel Alvarez, 1860. Oso liburu interesgarria, gerraren ikuspegi berezia eskaintzen duelako, marokoarrekiko errespetu haundiz idatziz.
Urte batzuk beranduago Gurutze Gorriaren sorrera suposatu zuen Genevako Konferentzian Espainiako ordezkaria izan zen.
Bigarren karlistadan espainiar armadako mediku bezala jarraitu zuen, Somorrostroko batailan Gurutze Gorriko anbulantzien arduraduna izanez.
Euskalzalea zen. Iruñan “Revista Euskara”ren sortzaileetako bat izan zen eta Donostiako “Euskal Erria” aldizkarian ere idatzi zuen. Kultur ekintza anitzetan parte hartu zuen, Iruñako Ateneoko partaide zen esaterako, baita Nafarroako Monumentuen komisiokoa ere.
Bere nazioarteko osasungintza lanetan ere jarraitu zuen, besteak beste, Oxforden bildutako Nazioarteko Zuzenbide Kongresuan, Gerraren Legeetako Eskuliburua idatzi zutenetako bat izanez.
Iruñan hil zen 1891.ean

 

ZM_Afrika_PRO07

(KMK)

Prudencio ARNAO           

Getarian jaio zen 1842.ean eta 17 urterekin mikelete egin zen. Gorputz honetako kabo zen Afrikako gerrara joateko boluntario aurkeztu zenean, beste 51 kiderekin batera. Izan ere, Gipuzkoako 52 mikelete joan ziren gerra honetara boluntario modura.
Wad Raseko batailan parte hartu zuen Arnaok.
Bigarren karlistada hasi zenean mikeleteen sarjentua zen eta oso partaidatze nabarmena izan zuen karlisten aurka. Santa Kruz apaizaren etsai nagusienetakoa izan zen eta bere ekintza ausart eta ugariek dominak eta galoiak irabaztera eraman zuten. Gerra amaierarako espainiar armadako komandante zen.
Gerra ostean zenbait urtez San Markoko gotorlekuaren gobernadore izan zen. 1902.ean hil zen.
Berri gehiagorako Antonio Peña y Goñiren artikuloa (PDF).

 

 

 

 

 

 

Karlistak

ZM_Afrika_PRO08

(KMK)

Bernardo de GOENAGA        

Hondarribian jaio zen 1816.ean. Lehenengo karlistadan kadete modura hasi zen karlisten alde borrokatzen eta zenbait zauri jaso ondoren tenientea zen Bergarako hitzarmena onartu zuenean.
Afrikako gerrak eztanda egin zuenean Leongo errejimentuan kapitaina zen eta honela sartu zen borroka honetan. Oso ausarta zenez otsailak 4.ean gertatutako Tetuango batailan bera izan zen lehena marokoarren trintxeretan sartzen. Hiru zauri jaso zituen eta O’Donellek bertan Teniente Koronel izendatu zuen. Gainera, Espoz Minarenak izandako bi pistola oparitu zizkion, izan ere, Minaren alargunak borroka horretan nabarmentzen zen soldaduari eskainiak baizizkion.
Eskumuturrean jasotako zauri haietako batek ezdeus bihurtu zuen karrera militarrean jarraitzeko eta 1861.ean Hondarribira itzuli zen bizitzera.
Bigarren karlistada hastear zenean, liberalen alde lerraturik, boluntarioen konpainia bat sortzen lagundu eta bera buru jarri zen 1870.ean. Gerrak eztanda egin zuenean, 1872.ean, Hondarribiko komandante militar hautatu zuten armadatik erretiratua izan arren.
Gerra ostean hil zen 1877.ean. Informazio gehiagorako Serapio Mugicaren artikuloa (PDF).

 

(ZM) (Al)Nicolás OLLO

Nicolás OLLO       

Iberon 1816an jaiotako jeneral karlista. Lehenengo Karlistadan boluntario aurkeztu zen Don Carlosen alde. Tenienteorde zela Bergarako hitzarmena onartu zuen. Espainiako armadan jarraitu zuen baina 1841.ean O’Donellen altxamenduan parte hartu zuen eta Frantziara erbesteratu zen bi urtez. Berriro ere armadan, 1856.ean komandante izendatu zuten.
Afrikako gerran egindako merituengatik Teniente Koronel izendatua izan zen, baina ordaina eskasa iruditu zitzaionez erretiroa eskatu zuen.
Bigarren karlistadan Carlos VIIak Nafarroako Komandante Jenerala hautatu zuen. Bilboko setioan bonba batek zauritua hil zen 1874.ean.

 

ZM_Afrika_PRO10

(ZM) (Al)

Antonio DORREGARAY       

Ceutan jaio zen 1823.ean. Lehenengo Karlistadan 12 urte zituela hasi zen Don Carlosen alde borrokatzen kadete modura. Gerra bukatzerako tenienteorde zen eta Bergarako hitzarmena onartu zuenez honela jarraitu zuen karrera militarrean.
Afrikako gerran Echagüeren agindupean parte hartu zuen. Wad Raseko batailan domina jaso zuen eta Teniente Koronel izendapena. Beste bost urtez Marokon jarraitu zuen preso armatuen komandante modura.
1868.eko iraultzaren ondorioz atzerriratu zen Frantziara eta berriro karlistekin bat egin zuen.
Bigarren karlistadan euskal probintzien komandante hautatu zuen Don Carlosek. Eraul eta Montejurrako garaipenetan arduraduna izan zen, Bilboko setioaren porrotean bezala.
Gerra ostean Don Carlosekin atzerriratu zen Frantzian eta Ingalaterran.
Zaragozen hil zen 1882.en.

 

ZM_Afrika_PRO11(ZM) (Al)

José PERULA           

Sesman jaio zen 1830ean. Don Carlosen alde gerrilari modura ibili zen Burgosko mendietan 1855.ean. Preso hartu eta Kubara bidali zuten. Amnistia batez baliatuz itzuli zen eta bere burua Afrikako gerrarako boluntario aurkeztu zuen. Euskal Tertzioekin sutsuki borrokatu zuen zenbait kondekorazio irabaziz.
Bigarren Karlistadan karlistekin Orokietako porrota jasan zuen. Don Carlosek koronel izendatu zuen baina bere borrokarako grinak Mariskal izendapena jasotzera eraman zuen. Euskal Herriko Komandante Nagusi izan zen 1875ko uztailetik aurrera. Gerra bukatzear zegoela, Nafarroako komandante zenean agindutako tropa mugimendu susmagarri batzuk medio, traidoretzat hartu zuten karlisten artean.
Kubara atzerriratu zen atsekabeturik. A Coruñako Mondarizen hil zen 1881.ean.


Karlista edo liberalen artean kokatu ezin duguna:

ZM_Afrika_PRO12

(KMK)

Carlos María LATORRE       

Sevillan 1809an jaioa, familia jatorriz euskalduna omen zuen. Karreraz militarra, mariskal izatera iritsi zen.
Euskal Tertzioen buru hautatu zuten eta bera arduratu zen Europan Tertzioentzako armak erosteaz. Beste ezer gutxi dakigu berari buruz, alboan doan bertso bitxi honetaz kanpo:


Don Carlos de Latorre
gure jenerala,
el cielo nos ha dado
guk bear bezala.
Valiente y entendido
gerrari azkarra,
dirán las naciones
euskalduna dala