Pernando Amezketarra

Bertsolaria eta pertsonaia xelebrea

 

Fernando Bengoetxea Altuna, "Pernando Amezketarra" bezala ezaguna, 1764ean jaio zen Amezketan. Aralarren artzain eta bestelako lanbideetan aritu bazen ere, bere garaian ospea eman ziona bertsolari dohaina izan zen, Gipuzkoako onena omen zen eta. Hezur-mamizkoa izanik, ezin esan historikoa zela, ez baita historia-liburutara pasa. Haren oroitzapena, ordea, ez da galdu, herriak gordea baitu ahozko tradizioan, bere garaiko oso gutxik lortua dutena, historiarentzat inportanteagoak izan arren. Bere bertso eta ateraldi xelebreak oraindik orain entzun daitezke.

 

Pernando Amezketarra

 

Azpeitiko San Sebastianetara eraman zuten, beste bertsolari batekin indarrak neurtzera. Tolosako inauterietan Pernando, Zabala, Txabalategi eta Altamira Gipuzkoako onenak lehian egon ziren arratsalde osoan. Billabonan ere egon zen, Txabalategiren eta Zabalaren arteko apustuan, baina epaile bezala. Bi ordu bertsotan eman ondoren, ezin erabaki zein zen hobea eta epaileek bertso banatan enpatea deklaratu zuten.

4000 lagun bildu omen ziren Billabonara, ikaragarri garai hartarako, bertsozaletasuna agerian utziz.

 

 

 

Dena den, taberna izaten zen bertsoak emateko giro aproposena, Pernandok berak aitortzen zuenez:

Gizon bertsolariak badegu, bai, lan hau,
jaia-arratsak tabernan bostetatik lau,
ezin erretiratu ez egun ta ez gau
jan t'edan ta jokatu, zurrut eta mamau,
sakelak badirau, okerrena nerau,
badet ezaguer'au
andreak zintzotzeko enkargatzen nau.